ELKARRIZKETA

"Zinema ezin dut utzi, esperientzia gisa asko gustatzen zait"

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko urr. 24a, 07:59

Aseguru enpresa bateko langilea eta saskibaloi entrenatzailea da Alain Rekondo (1983, Tolosa). Zinemari buruz hitz egiten kolaboratzaile gisa aritzen da Ataria Irratian. Alainek zinema afizio gisa jarraitzen du, film zein telesail mordoa ikusten ditu eta ikusle edota kontsumitzaile gisa plataformekiko duen bere iritzia konpartitu du Atariarekin.

Nolakoa da zinemarekin duzun erlazioa?

Txikitatik gustatu izan zait. Ama kultura-zalea da betidanik eta musika asko entzun izan dugu etxean, nahiz eta familiako inor ez izan artista. Donostiako Zinemaldira maiz joaten zen lagun bat zuen, eta haren alabak zinema munduko ikasketak egiten zituenez, haiekin hasi nintzen jaialdira joaten. Egunean lau film ikusten genituen bederatzi egunez. Zinemaldiak eragin handia izan du nigan. Orain ez daukat horrenbeste denbora, baina ahal badut egunero joaten saiatzen naiz, gutxienez film bat ikustera.

Zein plataforma kontsumitzen duzu?

HBO, Netflix eta Amazon. Filmin hilabete solte batzuetan ere eduki izan dut. Eskaintza handia dago eta plataforma guztiak jarraitzea ezinezkoa da.

Zerk bultzatu zaitu plataforma horiek aukeratzera? Katalogoari begiratzen diozu?

Orokorrean HBO aukeratzen dut kalitate handieneko edukia izan ohi duelako. Egia da, aldi berean, aukera gutxiena eskaintzen duen plataforma dela. Historikoki telesailen kalitateetan aurrerapauso bat eman zuen eta prestigio handia hartu zuen. Netflix eta Amazonek katalogo handiagoa dute, baina nire ustez orokorrean kalitate eskasagoa izan ohi dute bertako telesailek, nahiz eta arrakasta handia izan dezaketen. Plataforma bakoitzaren barruan dagoen edukia aukeratzerako orduan, gustuko ditudan pare bat kritikoren aholkuak jarraitzen ditut edota gogoko ditudan zuzendari eta gidoilarien ibilbidea jarraitzen saiatzen naiz.

Zinemara joateko ohitura mantentzen duzu?

Bai, zinema ezin dut utzi, esperientzia gisa asko gustatzen zait. Oso desberdinak dira bi gauzak. Etxera nekatuta iristean plataformetako kalitatezko telesail bat ipintzea gustatzen zait, baina zinemaren esperientzia berezia da niretzat. Lehen aipatu bezala, Zinemaldira joatea sekulakoa da. Donostian ere egiten da Fantasiazko eta Beldurrezko Filmen Astea eta anaiarekin batera joaten naiz urtero. Leidorrera joatea gustuko dut, ostegunetan zine foruma egiten da eta nahiz eta orain gutxiago bertaratzen naizen, plataforma horien kontsumitzaile izateak ez nau urruntzen aretoetatik. Batek ez du bestea kentzen.

Zinemetako sarrera garestia dela deritzozu?

Baietzaren eta ezetzaren artean aukeratu beharko banu, ezetz esango nuke. Frantzian, Erresuma Batuan… askoz garestiagoak dira sarrerak. Hala ere, oso ondo iruditzen zait zinemagintza gaur egungo egoerara moldatzea eta ekintza ezberdinak bultzatzea sarrerak merkatzeko: hilabeterako bonuak, Zinemaren Festa delakoa, asteazkenetan ikuslearen eguna…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!