ELKARRIZKETA

"Proiektu bakoitzak prozesu desberdina dauka eta hori errespetatzen saiatzen naiz"

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko urr. 24a, 07:58
Maider Oleaga zinema zuzendaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Zinema zuzendaria da Maider Oleaga (1976, Bilbo). Makina bat dokumental filmatu ditu bere ibilbidean zehar, gurean zein nazioartean. Aurten Kuartk Valley film luzea aurkeztu du Donostiako Zinemaldian eta jaialdi horretan bertan Euskal Gidoi Onenaren saria irabazi berri du gainera.

Zein prozesu izan ohi dute zure sorkuntzek?

Proiektu bakoitzak prozesu desberdina dauka eta hori errespetatzen saiatzen naiz ahal den heinean. Proiektuaren ideia modu ezberdinetatik etor dakidake: istorio batetik, esaterako Kuartk Valley; bizi-esperientzia batetik, adibidez, Muga deitzen da pausoa Elvira Zipitriaren etxean bizitzen hasi nintzelako otu zitzaidan… Baina batez ere irudiak eta soinuak izaten ditut sorkuntzaren hasieran. Esaterako, fikziozko zerbait azaldu nahi badut gidoia idazten hasten naiz eta jarraian bestelako lanak datoz: finantzaketa bilatzea, lokalizazioak aurkitzea… Horrez gain, norbaitek zerbait konkretuari buruz idazteko eskaera egin diezadake eta sorkuntza abiapuntu horretatik jaiotzen da. Hau da, proiektu bakoitza oso desberdina da bere izaera propioa duelako eta ezinezkoa zait nire sorkuntzen prozesua orokortzea.

Zeintzuk izan ohi dira lanean topatzen dituzun oztopoak?

Oztopo praktiko gisa diruaren bilketa esango nuke. Proiektuak beti modu duin batean atera nahi izaten ditugu aurrera, langileak ordainduz eta lan egoera onak eskainiz, eta noski, horrek dirua eskatzen du. Diru-iturri desberdinetara jo behar duzu eta oso lan neketsua da. Sorkuntzaren barruan ez nuke esango oztoporik dagoenik, baina badira edozein prozesutan izaten diren mugak eta arazoak, prozesuaren beraren barnean daudenak. Muga horiek onerako izaten dira askotan, proiektua finkatzen laguntzen baitizute. Gidoi bat idazterakoan aldaketak egin behar izaten dira zuk nahi duzun hori grabatzea ezinezkoa delako, lokalizazioa dela-eta adibidez, eta horrek aukera berri batzuk irekitzen dizkizu. Horrelakoa da sorkuntza eta horrela egiten da filma azken finean, mugak eta muga horiek irekitzen dituzten ateak kontutan izanda.

Zein litzateke aldaketa nabarmenena zure proiektua plataforma batek ekoitziko balu?

Ez dut plataforma batentzat zuzenean sekula lan egin, beraz, ez dut esperientziarik horretan. Nire kasuan, nire taldekideekin egin ditudan proiektuak pertsonalak dira. Esaterako, Galapan eta Sumendi Films ekoiztetxeekin bi film labur egin ditut eta erabakiak elkarrekin hartzen genituen, askatasun osoz. Gure mugak kontutan hartu genituen, baina askatasunak beste guztia gailentzen zuen eta proiektuak beti helburu-zentroan ipini genituen. Plataforma batentzat lan egingo banu, beste enkarguetan egiten dudan bezala, iritzi gehiago hartu beharko nituzke kontuan, baina, agian, horrek ere, lehen esan dudan bezala, eskuartean dudan pelikula edota dokumentalari irtenbide berriak ekarriko lizkioke. Ez dakit plataforma baten ekoizpenak benetako aldaketarik eragingo ote lukeen, beti daukagun guztia eskaintzen diogu proiektuari… Agian orain dudan askatasun hori pixka bat galduko nuke, baina egia da helburu amankomuna izango genukeela guztiok: istorio hori ahalik eta ondoen aurrera ateratzea. Istorioa modu batera edo bestera azaltzearen inguruko eztabaidak bidearen parte dira. Proiektu bakoitzak izaera bat dauka. Izaera hori ulertu beharra dago eta egokitu egin behar gara. Proiektu bat plataforma batetik badator, jada izaeraren parte izango du hori eta, esan bezala, egokitu egin beharko ginateke.

Zure lanen bat plataformaren batean ikus dezakegu?

Bai, Muga deitzen da pausoa Filmin plataforman dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!