ELKARRIZKETA

«Herrialdeetako istorioak gerturatzea da plataformen onena»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko urr. 24a, 07:57

Aktore katalana da Elisabet Casanovas (1994, Sabadell, Herrialde Katalanak), Merli telesailaren arrakastari esker egin zen ezagun eta gaur egun hainbat lan egin ditu Espainia mailan. Euskal Herritik kanpo jaio eta lan egiten duen pertsona baten ikuspuntua eskaini du Casanovasek elkarrizketa hauen artean.

Zein da desberdintasunik nagusiena plataforma baten ekoizpena den eta ez den bi produktu horien artean?

Plataforma batek ematen dizun ikusgarritasuna ez dizu, agian, telebista batek ematen. Merli telesailaren kasuan, ekoizpena TV3 telebista katearena izan zen, eta gerora Netflixek erosi zuen. Noski, hori gertatu zenean jende gehiagorengana iritsi zen. Nire aktore lanari dagokionez, plataforma baten ekoizpen batean lan egiteak ala ez egiteak ez du eraldatzen nire lana. Azaldu beharreko istorioa gailendu behar da.

Beraz, zure lan pertsonala ez da aldatzen ekoizpenaren tamainaren arabera.

Hori da. Lana modu berean egiten duzu. Esan bezala, istorioa ondo azaldu behar da. Ez dut uste diferentzia artistikorik dagoenik. Beste herrialdeetako istorioak gerturatzea da plataformek duten onena. Munduarekiko duzun ikuspuntua zabaltzen laguntzen dizu horrek, toki bakoitzean zehazki gertatzen diren istorioak azaltzen dizkizu.

Eta lantaldea aldatzen al da?

Ezta ere. Taldeak berdin egiten du lan istorioa ahalik eta ondoen azaltzeko. Noski, plataforma baten kasuan lantaldea handiagoa da, diru gehiago egon ohi delako tartean. Dirua denbora da ikus-entzunezko lanetan. Hala ere, nire esperientzia pertsonalean oinarrituz, profesionaltasuna toki guztietan berdina da.

 

«Plataforma baten kasuan lantaldea handiagoa da,  diru gehiago  egon ohi delako tartean. Ikus- -entzunezkoetan dirua denbora da»



Esan duzun bezala, Netflixek ikusgarritasun handia eman dizu. Nola bizi duzu zuk egindakoa ahots ezberdin batekin beste hizkuntza batean ikustea?

Ez ditut nire lanak beste hizkuntzetan gehiegitan ikusi… Errespetu handia diot bikoizketari eta horretan lanean dabiltzan profesionaletan konfiantza daukat. Pertsonalki, nahiago izan ohi dut fikzioa jatorrizko bertsioan kontsumitu, bidaiatzeko aukera handiagoa ematen didala iruditzen baitzait. Fikzioak bikoiztuta ikustera ohitu gara eta kasu batzuetan oso gertu geratzen zaizkigun hizkuntzak ordezkatzen dira. Horren arrazoia zein den galdetzen diot neure buruari eta bai telesailak, eta baita filmak ere jatorrizko bertsioan kontsumitzearen aldeko apustua errebindikatzen dut, aberastasun handiagoa eskaintzen baitizute.

Bada gertu geratzen zaigun kasu bat: 'Altsasu', euskal produkzioa, TV3en bota zuten katalanez.

Gure hizkuntzak zaindu behar ditugula iruditzen zait. Hizkuntzak pentsamendua artikulatzen du, eta ondorioz, fikzioa jatorrizko bertsioan ikustea aukera ona dela uste dut. Ulertzen dut TV3ek hizkuntzaren defentsaren alde hartzen dituela erabaki horiek, baina gauza batek ez du bestea kentzen.



Zinemara joateko ohitura mantentzen duzu?

Plataformak erabiltzea oso ondo iruditzen zait, baina jendeari zinemara eta antzokira joaten jarraitzeko eskatuko nioke. Kultura modu ezberdinetan kontsumitu daiteke, noski, baina espresuki emanaldi bat ikustera joatea gizakiok aspalditik egiten dugun erritual bat da eta mantendu beharko litzatekeela uste dut. Gaur egun dena doa azkar eta egoera horren aurrean oso ederra da zuk nahi duzunean etxean plataforma bateko produktu bat kontsumitzea eta aldi berean sekulakoa iruditzen zait mugikorra itzali eta bi orduko antzezlan bat ikustea, zuzenean.

Non ikus zaitzakegu?

Zineman estreinatu berri diren Chavalas eta Las leyes de la frontera filmetan. Netflix plataforman Merli telesailean eta Fuimos canciones filmean. Azkenik, Drama izeneko telesail motza PlayZ kanal digitalean dago eskuragarri. Aurrerago, Filmin plataformak lehen aldiz ekoitzitako Doctor Portuondo telesailean ere agertuko naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!