Lokazti horietan

Erabiltzailearen aurpegia

Alemaniako integrazio kurtso bat egitea ere tokatu zitzaidan niri duela urte eta erdi edo, hara iritsi eta zero aleman zekiten beste zenbait etorkinekin batera. Aurreneko klaseetan norbera nongoa zen eta horrelako gauzak hitz egiten ari ginela, kontu kurioso bat atera zen klasean.

Etorkinak Alemanian integratzea zenez ikastaroaren asmoa, kultura alemaneko gauzak ere agertzen ziren tarteka eta horietako bat aurkeztean esan zuen irakasleak, harrotasun punttu bat gorde gabe: «Beste herrialde batzuetan arraroa izango da, baina gure herrialdearen eta bertakoon izena ez dago batere finkatuta: guk gure buruari deutsch esaten diogu, herrialdeari Deutschland, baina dakizuenez, ingelesez Germany eta german gara. Italieraz Germania da lurraldea, baina hizkuntzari tedesco deitzen diote eta biztanleei tedeschi».

Ez nintzen azaltzen hasi gure vasco eta euskaldun eta euskalherritar eta vasconia eta vascongades eta istoriak ze nahikoa lan banuen hasiera hartan klasea jarraitze hutsarekin. Baina nire kolkorako pentsatu nuen hain harrigarria ez dela izango izen desberdinak hartzea izendatzailearen arabera. Ez zirela hain berezi izango, alegia. (Badute euren buruaz hizketan gustura aritzeko fama alemanek).

Hor geratu zen kontua harik eta duela gutxi Facebooken sartu nintzen arte. Bai, Facebook deitzen diogun lokazti arraro horretan, spam-a gora eta 50 urteko krisia gainditzeko coaching-a bera dabiltzan lagunen zera hori. Ze aurkikuntza han! Facebookek dauzkan taldeen artean bazegoen Tolosakoak izeneko bat. Beste bat zeukan aldamenean, Tolosarras. Gero beste bat, Tolosako Reich areagotua irudikatuz edo, Tolosarras y Tolosaldearras, latza. Faltan bota nuen beste bat Beterri izen antzinakoarekin, kontua borobiltzeko, baina Integrationkurseko lezioa etorri zitzaidan hala ere.

 

Oso pozik geratu nintzen aurkikuntzarekin, hurrena norbait (neure burua) eskualdea burbuila aurrerakoi-ekologista-euskaltzale-guay bat dela pentsatuz harrapatzen badut badaukadalako zer erakutsi haizeak jaisteko. Horregatik agian estimatuko dut eskualde hau pixka bat. Eta Facebook eta bere fauna ere bai.


Gure eskualdeko zibernazio horren soziologia txiki bat egitera sartu nintzen hurrena eta ene… Mezu moralista ugari, iruzkin atseginak ez gutxi, otsaila baino motzagoa den jendea pentsatu gabe idazten, komentario protonaziren bat, La Ruleta de la Suerte-n Tolosako babarruna agertu dela eta pozkario abertzalea, gazte arduragabe horien kontrako mezuak… Beste leku guztietan adina alde eta kalte. Oso pozik geratu nintzen aurkikuntzarekin, hurrena norbait (neure burua) eskualdea burbuila aurrerakoi-ekologista-euskaltzale-guay bat dela pentsatuz harrapatzen badut badaukadalako zer erakutsi haizeak jaisteko. Horregatik agian estimatuko dut eskualde hau pixka bat. Eta Facebook eta bere fauna ere bai.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!