'Tiempo normala'

Erabiltzailearen aurpegia

Alemaniako kontuetarako neukan koadernotxoari begira nengoela atera zait irribarre ironikoa. Otsailean edo apuntatuko nuen, oraindik inuzente ginela: tiempo normala, gerraurreko garaiari hala deitzen zion lankide lekeitiarraren amonak. Tiempo normala, oraintxe bertan hego haizea gaztainarentzat bezala datorkigula aitortu beharko didazue, hainbeste normalitate berrirekin gabiltzala.

Apuntatuta daukadan beste gauza bat www.hemeroteka.eus ataria da, sekulako harribitxia, 1897-1937 bitartean argitaratu ziren euskarazko argitalpenak gordetzen dituena. Burua dagoeneko bueltan daukadalako edo, Albizturri buruz dauden piezatxoak irakurtzen jardun dut. Eta horrela, handik eta hemendik, herriko zenbait kontu jakin ditut: Luistar eta Arkaitzarte albizturtarrek makina bat kronika idatzi zituztela. Bata luistarren kongregaziokoa zela bistan denez, baina bestea Mariaren Alabetakoa zela eta, beraz, emakumea. Kronikak idazten zituen idazle emakumea Albizturren, alegia. Zer gehiago? 1933an (hemen dator bigarren ironia albizturtarrontzat) «gestora edo dalako oraingo era be?ira iru e?i-agintari be?i ja?i» zituztela zozketaz, horietako bat Arregitar Aurea andereño eta irakaslea. Eta katoliko sutsua zen Luistar abertzaleak «gaur agintari degun / andere Aurea / zenbait prakadun beño / ba-leike obea» errimatu zuela nire aurreiritzien kontra. Segi nezake herriko bi Batzokiena (bata gizonena, bestea emakumeena) eta horietako batera Telesforo Monzonek egin zuen bisitarena kontatzen.

Atentzioa eman dit zenbat gauza geratzen diren bazterrean belaunaldi batetik besterako jauzian, zaharrek kontatu ez eta gazteok galdetu gutxiago


Atentzioa eman dit zenbat gauza geratzen diren bazterrean belaunaldi batetik besterako jauzian, zaharrek kontatu ez eta gazteok galdetu gutxiago. Hasteko, pentsatu dut baten batzuk hasi beharko dutela istorio horiek guztiak azaleratzeko lana bultzatzen, dauden harribitxiak ikusita. Eta gero otu zait guk ere azti ibili beharko dugula, arrisku handia daukagulako, nueva normalidad horren izenean, geneuzkan amets, borroka eta errebindikazioak gure tiempo normal propioan, artean inuzente ginen otsail horretan zaharkituta uzteko, salbuespen egoera betiereko honen izenean.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!