Laranjondotxo hura

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2019ko aza. 17a, 05:58

Duela urtebete pasatxo erosi genuen altzari merkeen superdenda horretan landare koxkor bat. Berez zitrikoren bat eman behar zuen, aranaren tamainako bolatxo laranja bat, jateko oso goxoa ez omen zena. 

Guri bost, grazia egiten zigun laranja-ondo estiloko bonsai moduko hark. Gabonetako mini-arbola bat zirudien, bere pilotatxo laranjarekin.

Laster bukatu ziren gure pozak, ordea. Aldatu genuen loreontziz, bota genizkion ziren ongarri onenak eta bitaminak, ura neurri-neurrian eman eta hala ere triste ikusten genuen. Loreak erortzen hasi zitzaizkion eta idortuz joan zen pixkanaka. Zirt edo zart, hil ala bizi, operatu egin genuen: lurra bakandu eta zuztarretik gozo-gozo tira genion, airera altxa; ene... lurra bizirik zegoela ematen zuen! Orduan jakin genuen, zegoen zizare pila zela eta (benetan, asko zeuden, benetan) landareak ezin zituen erroak bota, lurra erabat zokortuta zegoen.

Erroak bota ezina orain landareei buruz ez ezik jendearentzat ere entzutea tokatu zait. Pentsatzen dut adinkide bat baino gehiagok entzuna izango dugula zenbat kostatzen zaigun «gaurko gazteei» konpromisoak hartzea, zerbaiti luzarorako lotzea. Militantziarako eta atxikimendurako eredua aldatu dela esaten dute soziologoek, kulparik ez banatzeko. Beste batzuk gure belaunaldia mundutarra dela eta pozten dira, prest (bi zentzutan: trebatuta eta pronto) gaudelako atzerrira lanera joateko inongo dramarik gabe. Barneratuta omen daukagu gure lan merkatua mundua dela.

Bai, egun inor gutxi harritzen da edozein arratsaldetan ordenagailuan komedia suediar bat ikusten dugulako. Munduko bazter gehiago dauzkagu eskura. Egia da, gustatzen zaigu atzerriko airea; eta, ze kristo, hala nahi dugunean atzerrian denboraldiak pasatzea ere bai. Baina ez da egia makalagoa oraindik esaldi antologiko hura, sustraiak han dituenak bere sorterria nekez uzten duela zioena. Ezin baikara engaina: gure zitroin-ondoa ez zuen sustrai faltak hil, ezta tarteka jotzen zuten hegoko nahiz iparreko haizeek ere. Zeharo agortuta zegoelako sustraitzen uzten ez zion lurrak galdu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!