II. Pello Errota sariketako finalerako sarrerak salgai

Ekitaldia segurtasun berme guztiekin egingo dela adierazi dute antolatzaileek

Azaroaren 1ean, Asteasun izango da Asteasuko Udalak eta Harituz Bertsozale Taldeak antolatu duten II. Pello Errota bertsolari sariketaren finala. Amaia Iturriotz, Erika Lagoma, Iñigo Izagirre, Izarne Zelaia, Jon Martin eta Unai Mendizabal ariko dira nor baino nor txapelaren lehian. Finalerako sarrerak salgai daude dagoeneko Asteasuko Patxine eta Iturri Ondo tabernetan, Zizurkilgo Iriarte jatetxean eta Villabonako Amasa kafetegian, 5 €ko prezioan.

Abaltzisketa eta Irurako kanporaketetan bezala, Asteasuko finalean ere giro bikaina izatea espero dute antolatzaileek. “Orain arteko saioetan, bertsolari zein bertsozaleek ezin hobeto elkar hartu dute eta giro beroa sortu da kanporaketetan” adierazi dute Harituzeko ordezkariek.

COVID19ak eragindako egoera dela eta, segurtasun neurri zorrotzak betetzen ari dira antolatzaileak txapelketetako saioetan, hala nola, bertsolari zein bertsozaleei tenperatura hartuz eta hidrogelarekin eskuak garbiaraziz. “Guretzat oinarrizkoa da bertsozaleen osasuna eta ekitaldia segurtasun berme guztiekin egingo da”.

2018an jokatu zen lehenengoz Pello Errota bertsolari sariketa. Sariketaren helburu nagusia bertsolari gazteen sariketetatik kanpo geratu diren eta plazaz-plazako zirkuituan sartzeko aukerarik izan ez duten maila oneko bertsolariei jendaurrean kantuan aritzeko aukera ematea da. Lehenengo edizioan, Eneko Lazkozek irabazi zuen txapela eta aurten ikusteke dago nork hartuko dion txapeldunaren lekukoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!