Gutuna

Olatu artifizialik ez Donostian!

Erabiltzailearen aurpegia

Donostiako Udalak olatu artifizialen instalazio bat eraikitzeko asmoa du Martutene auzoko Atondegi gainean, itsasotik lau kilometro eskasera. Instalazioak ondorio kaltegarriak izango lituzke bai ingurumenarentzat, bai Gipuzkoako surflarientzat, eta zazpi elkarte naturazalek eta hainbat surflarik Antondegi Berdea Olatuak Itsasoan kolektiboa sortu dute proiektua geldiarazteko. Haiekin bat gatoz Tolosaldeko asko.

Arrazoi ugari eta sendoak eman dituzte (www.antondegiberdea.eus), baina labur esanda: proiektu honek ez dio surf komunitatearen eskaera bati erantzuten, enpresa batek sustatzen du eta enpresak badauka antzeko azpiegitura bat Aizarnazabalen.

Antondegi Donostiako gerriko berdean dago. Azeriak, azkonarrak, ginetak, katagorriak eta gardulak dabiltza bertan, eta 109 hegazti-espezie, hala nola, galzorian dagoen miru gorria. Han sei futbol zelairen tamainako instalazio bat eraikitzea, harako bidean beste bi hektarea porlan sartzea, autoen joan-etorria eta abar, ingurune osoa hondatzea litzateke.

Instalazio hauek sarrera garestia dute, eta surfaren artifizializazioa sustatzen dute, surfak naturarekin daukan lotura eta surfaren balioak eta kultura desitxuratuz. Gainera, bertan surf egiten ikastea errazagoa denez, surflarien masifikazioa areagotzen dute gertuko hondartzetan. Guztiok dugu surfa egiteko eskubidea, noski, baina mugatuak dira hondartzak, eta nahikoa arazorekin bagabiltza lehendik ere. Zer sartu nahi gaituzte, igerilekuak egin / surflari gehiago sortu / igerileku gehiago egin sorgin-gurpil ero batean?

Bestalde, esan dezagun argi: itsasoaren aldamenean olatu artifizialak sortzea zentzugabea da erabat. Are gehiago klima larrialdi eta trantsizio energetiko garaiotan.

Horregatik guztiagatik, Donostiako Udalari eskatzen diogu, mesedez, olatu artifizialik ez egiteko Donostian. Eta garaiz gabiltza! Donibane Lohizunerako aurreikusita zegoen enpresa beraren antzeko proiektu bat geldiaraztea lortu dute duela gutxi, eta aurretik Katalunian eta Malagan ere geldiarazi zituzten.

Tolosaldean dagoeneko surflari komunitate txiki bat badugu, eta askoz ere gehiago gara naturazaleak, Gipuzkoa jasangarri eta gozagarri bat nahi dugunak.

Horregatik, mesedez, Tolosaldeko herritar guzti-guztiei eskatu nahi dizuegu proiektu hau gelditzearen alde sinatzea. Mesedez sinatu: change.org/p/antondegiberdea.

Julen Larruskain, Asteasu

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!