Gutuna

Gutxiago bidaiatu, hobeto bidaiatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Alaia Gorostidi, Tolosa 2021ko eka. 16a, 07:58
Iturria: Ecologistas en acción

Aldaketa garaian gaude, hurrengo urteetan bidaiatu ahal izateko oinarriak ezartzen ari dira orain. Irailaren 11ren ondoren gertatu zen bezala, koronabirusak ere aldaketa asko ekarriko ditu bidaiatzerako orduan. Horretarako, bidaiari gisa egokitzea ezinbestekoa dugu.

COVID-19ak gauza txar asko ekarri dizkigu, baina gauza batzuk birplanteatzeko aukera ere eman digu. Lehengo batean sare sozialetan irakurri nuen bidaien etorkizuna orri zuri baten modukoa dela, eta ezin da hobeto definitu. Aukera paregabea dugu orri zuri hori nola bete nahi dugun pentsatzeko eta irtenbidea turismo jasangarria izan daiteke.

Gehiegizko turismoak edo masa turismoak herrietako kultura eta natura izugarri kaltetzen ditu. Ukaezina da turismoak garapen ekonomikoa dakarrela, baina a priori ikusezinak diruditen baina hor dauden beste faktore batzuk ere badakartza. 

Kontrolik ez dagoenean eta turismoaren sektoreak garapen iraunkorreko planik ez duenean, zein dira ondorioak sufritzen dituztenak? Ekosistema ahulenak, munduko kulturak eta tokiko bizitzak. 
Pandemiak gure bizitzak eten  ditu, turismoa geldiarazi du. Une egokia da bidaiatzeko modua aldatu eta turista arduratsuak izaten hasteko. Izan ere, konponbidearen parte ez bazara, arazoaren parte zara. 

Esaldia aztertzen badugu, hunkitu egiten du, uste baitut inork ez duela arazoaren zati izan nahi. Baina prest al gaude konponbidearen zati izateko? Egin behar dena egiteko? Prest al gaude gure ohiturak zalantzan jartzeko, gauzak egiteko modu berriak ikasteko, barrura begiratzeko eta hobetu genezaken hori aztertzeko?

Datorren turismoa jasangarria izango da edo ez da izango, eta oso baieztapen sendoa da, baina oso errealista. Ezin dugu espero turismoa orain arte zegoen moduan jasangarria denik. Ezinbestekoa da gutxiago bidaiatzea hobeto bidaiatzeko. 

Datuei begiratu besterik ez dago, 2019an 1.500 milioi bidaiari izan ziren; eta jakina, kopuru hori ezin da modu iraunkorrean mantendu. Bidaiatzera goazenean, gure ekintza guztiek eragina dutela pentsatu behar dugu, eta, bidaiatzen jarraitu nahi badugu, inpaktu hori minimizatu egin behar dugula. Hainbeste hegazkin hartzeak edota segun eta zein jardueretan parte hartzeak zer ondorio izan ditzakeen hartu behar dugu kontuan. Hasieran esan bezala, geldialdi honek bidaiatzeko norabide zuzenera, norabide iraunkorrera, bideratzeko balio behar digu.

Alaia Gorostidi, Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!