GUTUNA

Zientziaren ema--nak!

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Otamendi Elizalde, Ibarra 2021ko ots. 11a, 14:59
June Almeida zientzilaria.

(*Oharra: Hasterako, irakurle, jakin hau ez dela COVID-19aren inguruko artikulu bat, txertoen inguruko eztabaida edo azken intzidentzia tasen datuen bila bazabiltza, hau ez da espero zenuena. Edonola, irakurtzen jarraitzera gonbidatzen zaitut… )

Azken bolada honetan, zientziaren garrantziaz gora eta behera ari garen honetan, badirudi zientzialariek ikusgarritasun pixka bat lortu dutela. Bada, ariketa bat proposatzen dizut zuri, irakurle. Imajinatzen al duzu behinola koronabirusa lehen aldiz ikustea lortu zuen zientzialariaren aurpegia? COVID-19aren aurretik ere mota honetako birusak ezagunak ziren, lehen aldiz 1967an ikusi ahal izan zuten mikroskopio elektronikoaz. Imajinatzen duzu momentu hura? Saia zaitez irudikatzen; zientzialari bat garaiko mikroskopiotik begira, bata zuria soinean, eskuak begi-lekuetan, zer begiztatuko irrikaz. Harridura aurpegia zukeen? Itxaron, begiratu ondo… Gizonezko baten aurpegia irudikatu duzu, akaso? Hala bada, ez zabiltza oso zuzen.

Emakume zientzialari bat izan zen lehen aldiz koronabirusa ikusi zuena, June Almeida zientzialari eskoziarra, hain zuzen. Junek berak garatutako mikroskopiarako metodo berri bati esker begiztatu ahal izan zuten birus ezezaguna.  Birusa ikustean, Junek eguzki-koroa moduko bat edukiko balu bezala deskribatu zuen, handik datorkio hain zuzen birus honi  “korona” izena. Baina zergatik imajinatu dugu gizonezko bat Juneren lekuan?      

Egun, unibertsitate ikasketak egiten dituzten emakumeen ehunekoak gora egin badu ere; zientzia eta teknologia ikasketetan desoreka nabarmena da, eta emakumeen presentzia txikiagoa da. Bestetik, ibilbide zientifikoan gora egin ahala, emakumeen ehunekoa jaisten doa; ikerketa-taldeen erantzukizunezko zuzendaritza  postuetan % 35 soilik dira emakumeak (Emakume ikertzaileak 2016, CSIC). 

Baina arreta adin goiztiarretan jarri nahi nuke. Izan ere, (Eurydice -2011- La enseñanza de las matemáticas en Europa) txosteneko datuen arabera, bigarren hezkuntzako matematika irakasgaian adibidez, gaitasunei dagokienez nesken eta mutilen artean ez dago desberdintasun adierazgarririk. Aldiz, neskek beren gaitasunekiko konfiantza eta autoestimu gutxiago dute mutilek baino. Zer egiten ari gara adin hauetarako neskak beren burua gutxiesteko? Besteak beste, emakume zientzialari erreferenteen ikusgarritasun ezak eragin izan dezake.

COVID-19ren gaira itzuliz. Txertoekin bueltaka gabiltzala, akaso entzuna izango duzu Covid-19aren prebentzioan RNA mezularia oinarri duten txertoak erabiliko direla lehen aldiz. Hau posible izango da, hein handi batean, Katalin Karikó biokimikariaren lanari esker. Urte luzez, RNA bera terapietan eta txertoetan erabili zitekeela defendatzen aitzindaria izan da emakume zientzialari hau. Bere ikerketa aurrera emateko finantzaketa sarritan ukatu zioten arren, egun, haren ideia Moderna eta Pfizer txertoen oinarria da.

Zientziaren EMA--NAK, ezin baitira ulertu zientziaren EMAKUME IZENAK aipatu gabe. Otsailak 11 Emakume zientzialarien eguna izaki, emakume zientzialari horietako batzuen izenak bistaratu nahi nituzke, askok eta askok merezi duten aitortzaren adibide.

Ainara Otamendi Elizalde, Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!