Koronabirusa

Babesleku izan garenez, babestu ostalaritza

Erabiltzailearen aurpegia

Une gogorrak dira guztiontzat; ez gatoz negarrez, ordea. Eskerrak eman nahi dizkizuegu guri, ostalaritzari, orain arte eman diguzuen babes guztiagatik. Behar izan gaituzuenean hor egon garela adierazi nahi dizuegu, edo saiatu garela behintzat. Hainbat modutara izan ditugu harremanak, herritarrei babesa emanez edota herriko proiektuak bultzatuz, besteak beste, kirol taldeak, festa herrikoiak, kultur ekintzak, aisialdi taldeak, azoka edota saltoki txikiak.

Guztiok bat garelako eta hala izaten jarraitu nahi dugulako, gure taberna eta jatetxeetan ikusi nahi zaituztegu, mozorrotuta, lagunekin, txarangekin dantzan, edo besterik gabe, gu ikusteko gogoa duzuelako, gure barretan eserita. Zuek gabe Tolosako ostalaritza ez da ezer. Guk horrela ulertzen dugunez, zuek ere horrela uler dezazuen nahi dugu. Zer da tolosar bat taberna, jatetxe edo kafetegirik gabe? Saia gaitezen ostalaritzarik gabeko Tolosa irudikatzen, saia zaitezte gure aurpegiak ezabatzen; kostata lortuko zenukete agian, Tolosaren parte garelako.

Zuen egunerokoaren parte gara. Goizeko kafea, eguneko lehen solasaldia, lagunekin topatzeko aitzakia eta azken tragoa. Baina haratago joanda, ziur Tolosan sortu diren hainbat proiektu ez liratekeela posible izango gure partaidetza eta babes ekonomikoa izan ezean. Argi gera dadila guk zuen proiektuetan parte hartzen jarraitu nahi dugula, eta zuen egunerokotasunean hor egoten jarraitu nahi dugula, baina orain zuen beharra dugu. Benetan, behar zaituztegu.

Jakin badakigu bizi dugun egoeraren berri baduzuela; gutako askoren etorkizuna kolokan dago. Hori dela eta, tolosarrak sentitzen garenez, laguntza eskatu nahi diogu Tolosari. Bereziki ostalaritzarekin erlazio zuzena edo zeharkakoa duten edo izan duten taldeei. Denok batera elkartzea nahi genuke, isilean, inori trabarik egin gabe. Zenbat eta gehiago, hobe. Bakoitzak dagozkion jantzi, objektu edo instrumentuak eraman ditzala. Ikus dezatela Tolosa, taberna edo talde txiki bat baino askoz gehiago dela. Familia bat gara.

Javi Rivero, Mireia Carceller eta Jose Manuel Toledo, Tolosako ostalarien izenean.

Erlazionatuak

Ateak itxi arren, ez dute isilik geratzeko asmorik

Tolosa

Amasa-Villabonako eta Tolosako ostalariek deituta, manifestazioak izango dira larunbatean; sektorea babesteko, deialdiekin bat egitea eskatu diete ...
«Ia egunero neurri berriak ezartzen dizkigute, ezer garbi utzi gabe»

Amasa-Villabona

Txurrut tabernako bazkideetako bat da Oihana Zubiondo. Kezkatuta dago, bizi duten egoera gordinagatik, batez ere, euren tabernan. Ostalariek ohiko ...

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!