GUTUNA

Nork hitz egiten du dementzia duten pertsonei buruz pandemia garaian?

Erabiltzailearen aurpegia Igone Etxeberria, Buru Bihotzez elkarteko kolarobartzailea eta Psikologia Doktorea 2020ko ira. 18a, 11:59

Milaka pertsonek zaintzen dituzte menpekotasuna duten senitartekoak: non egon dira pandemian zehar? Ez da askorik hitz egin.

Ohikoa da menpekotasuna sortzen duen gaixotasunen bat dutenen zaintza gertuko senitarteko batek egitea. Gaixo dauden horiek askotan dementziaren bat dute, eta gehienetan ezkonlagunak edo seme-alabek egiten dute zaintza lan hori. Dementziaren bat duen pertsonak errealitatea beste modu batera ikusten du, gaixotasun honek lehenik memoriari, arretari, arrazoiketari eta abarri eragiten baitie. Gaixotasunak gaitasun fisiko eta funtzionalaren galera dakar eta ondorioz dementzia duen pertsona geroz eta mendekoagoa izango da eta ezingo ditu garbitasuna mantendu, sendagaiak kudeatu, sukaldatu edota bakarrik jan edo ibili. Portaerari dagokionez, baliteke galdera bera behin eta berriz egitea, etengabe ibiltzea norabide jakin bat gabe, existitzen ez diren gauzak entzun edo ikustea edo egoera bat gaizki ulertzea.

Aipatutako egoerak luzatzen badira (zaintzako batez besteko epea 5 urtekoa da) zaintzaileek ondorio negatiboak jasan ditzakete. Osasun mailakoak dira ezagunenak; mina, tendinitisa, gaixotasunen kronifikatzea edo gaixotasun berriak garatzea... Psikologikoki antsietatea, gainkarga eta depresio handia izaten dute, eta etengabe larrituta egoten dira edo lo egiteko arazoak dituzte. Gizarte mailan ere izaten du eragina; ohikoa da lagun eta senitartekoekiko harremana murriztea eta gizartetik bakartzen joatea.

Dementzia duen pertsona baten zaintza lana estres eta antsietate handia sortzen duen egoera da, beraz. Eta hori guztia gutxi ez eta COVID-19a iritsi da eta horrekin batera hainbat murrizketa: ezin kalera atera, maskara erabili beharra, lagun eta senitartekoen bisiten murrizketa, laguntza baliabideen deuseztatzea edo murrizketa (eguneko zentroak, etxez etxeko laguntza...).

Nola bizitu dute konfinamendua zaintza bereziak behar dituzten pertsonen zaintzaileek? Nola egin dute gauzak ulertarazteko? Nola hartuko dute atseden eta deskonektatu eguneko 24 orduetan zaintzaile lanetan ari badira?

Lehen ikerketa zientifikoek nahiko egoera iluna erakusten dute. Nabarmena da bakardadeak, bakartzeak eta estresak gora egin dutela eta osasuna okerragotu egin dela gizarte-urruntzea dela eta. Era berean, zaintzaileek zailtasun gehiago izan dituzte atseden hartzeko edo deskonektatzeko (ibiltzera atera, gizarte harremanak online, telefono bidezko babes taldeak...). Egoera honetan ikasi ere egin dutela esaten dute, moldatzeko gaitasuna izan dutelako, gaixotasunaren sintomen inguruan ikasi dutelako, arazoei aurre egin dietelako...

Nola prestatu etorkizunerako?

  1. Adituen iritziz zaintzaileek atseden hartzeko tarteak izan behar dituzte, mugatuta badaude ere (ibiltzera atera, kafe bat hartu, lorezaintzan aritu...).
  2. Lagun eta senitartekoekiko harremana mantendu behar dute, telefonoz edo online bada ere.
  3. Egoera berean dauden edo profesionalak diren pertsonekin hitz egin behar dute, telefonoz edo online bada ere.
  4. Zaintzan lagunduko duten senitarteko edo lagunak bilatu behar dituzte.

Dementzia duten pertsonen zaintzaileek lan ikaragarria egiten dute eta ahalegin fisiko eta mental handia eskatzen du. Etxez etxeko zaintza babesten eta indartzen duen gizarte batek jende ausart guzti honi adi egon beharko litzateke, are gehiago orain, pandemia garaian.

Erlazionatuak

Zaintzaren zama arindu nahian

Tolosaldeko Ataria 2020 ira 18 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!