GUTUNA

Agur Asvinenea

Erabiltzailearen aurpegia

Adunan kokatuta dagoen espazioaren kudeatzaileek gutun baten bitartez egin dute iragarpena:

Kaixo Pipirilagunok!

Hemezortzi urte inguru dira zuotako askoren lana eta ilusioari esker Asvinenea martxa jarri zela. Arte eszenikoen laborategi ezezik, eskualde mailako kultur erreferente eta elkargune ere izan da espazio hau. Dakizuen bezala, une zailak ere izan ditugu bertan, batez ere arlo ekonomikoan, ez baita erraza honelako proiektu batek aurrera egitea erakundeen sostengurik gabe.

Zailtasunak zailtasun, zuon guztion lana eta energiari esker aurrera egin du espazioak eta gaur egun Asvinenea kudeatzen dugunok eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu jaso dugun ondarea esfortzu eta lan ordu askoren emaitza dela badakigulako.

Orain ordea apustu berri bat egin nahi dugu, Asvinenearen oinarrizko izaera eta filosofia galdu gabe; horretarako lokalaren baldintzak legalizatu beharrean aurkitu gara eta topatu ditugun  trabek lokal aldaketa bat planteatzera eraman gaituzte. Egia esan, ez zaigu beste irtenbiderik geratu: alokairua formalizatzeko eskaera egitera joan ginenean lokala saltzeko erabaki irmoa hartu zuela jakinarazi  baitzigun ugazabak, negoziaziorako inolako aukerarik eman gabe.

Honela bada, 2020-2021 ikasturtean Zubitxiki poligonoan bertan Zirkuola zirkua eta arte eszenikoak euskaraz sustatzen dituen lantegia irekitzeko lanean dihardugula jakinarazi nahi dizuegu. Azken hiru urteetan  Asvineneako talde pedagogikoan aritu garenok kudeatuko dugu, orain arte bezala gure sortzaile jardun profesionala, formakuntza jarrai eta aldi bateko ikastaro intentsiboen lan pedagogiko eta dibulgatiboarekin uztartuz.

Badakigu Asvinenea espazioak gu guztion bizitzatan ekarpen asko egin dituela eta gutako bakoitzaren zatitxo bat bertan dagoela. Horregatik eta etapa bat fundamentuz ixteko aitzakian elkartzera gonbidatu nahi zaituztegu: uztailaren 18an 11:00etatik 14:00etara izango litzateke hitzordua , zerbait jan, pasatako garaiak gogora ekarri eta espazio honen inguruko anekdotak partekatzea da helburua eta momentu on bat igarotzea, noski! (Abisatu mesedez azaltzeko asmorik baduzue eta lagunak edo familia etorriko diren ere komentatu, jan-edanak antolatzeko).

Bestalde, espazioan zuena den eta errekuperatu nahi duzuen zerbait baduzue uztailaren 18a baino lehen bila pasatu edo guri jakinaren gainean jartzeko eskatu nahi dizuegu: lekualdatze lanekin hasi aurretik argi izan nahi dugu zer eraman dezakegun espazio berrira.

Aitortu beharra daukagu halako hutsune bat sentitzen dugula Asvinenea utzita baina egoera berrietara moldatu behar dugu eta gogotsu gaude espazio berrian arte eszenikoen inguruko lanari ekiteko. Esan beharrik ez dago Zirkuolan ongi etorriak izango zaretela; gonbidatuta zaudete, bazkide izatera,  ikasle-irakasle gisara parte hartzera edo besterik ez bada, bisitan etortzera. Jakizue, udan zehar lekualdaketa burutu ahal izateko hainbat auzolan antolatuko ditugula; hauetan ere oso estimatua izango da zuen laguntza.

Besterik gabe, uztailaren 18an elkartuko garelakoan agur bat luzatzen dizuegu.

Ondo izan!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!