Bizirik eta etxean nahi ditugu

Erabiltzailearen aurpegia

Otsailean nork esan behar zigun, bi hilabeteko konfinamendu egoera bat bizitzea tokatuko zitzaigula. Hilabete hauek gure buruetan iltzaturik geratu dira: etxetik ia ezin atera, gertukoak ukitu ezinik pantaila baten bitartez ikusi behar izatea, ilarak supermerkatuetan, berriz ere ikusiko ez ditugun lagunak...

Aste honetan deseskaladaren bigarren fasean sartu gara. Egoerak larria izaten jarraitzen duen arren, ezin da uka, zentzu batzuetan bederen, hobetu dela: kalera ateratzeko, mendira joateko aukerak handitu zaizkigu, berriz ere inporta zaizkigun pertsonak zuzenean ikusteko aukera izan dugu...

Baina badira 2. fasean egon arren, konfinamendu egoera batean harrapatuta geratu direnak. Estatu espainiarreko eta frantseseko espetxeetan sakabanaturik dauden euskal herritarrak. Bi hilabetez bisitarik gabe egon ondoren, oraindik bisitarik gabe jarraituko dutenak, sakabanaketaren eta ezarri den mugimendu murrizketen ondorioz.

Azken hilabeteak gogorrak izan badira guretzat, pentsa zer den zelda txiki batean igarotzea, bisitarik gabe, lagun eta senideengandik kezkatuak, herritik isolatuak, haien osasunagatik beldurtuak, instituzioengatik ahaztuak.

Esperientzia honek, borondate sendoena ere duen pertsona, momentu jakin batean etsipenera, amildegira eraman dezake. Egoera ez da samurra izan inorentzat.

Covid-19aren istorio guzti honek berriz ere agerian utzi digu, euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespen legediaren krudelkeria eta honekin amaitzeko dugun premia. Iraganari erantzuten dion espetxe politika honek indarrean jarraitzen duen bitartean Antxo, Patxi edota Julenen kasuak, bisitara doazen senide eta lagunen istripuak errepikatzen jarraituko dira.

Behin eta berriz mahaigaineratu da, herri honek gatazka armatuaren fasea itxi eta gatazkaren ondorioen konponbidean urratsak emateko duen beharra. Eta hori, biktima guztien aitortzatik, baina baita ere preso guztien etxeratzetik igarotzen da. Gu guztion esku dago iragana atzean uztea.

Norabide horretan, aurreko ostiralean aurkeztu zen Izan Bidea dinamika eta maiatzeko Azken Ostiralak indartzea duten garrantzia azpimarratu nahi dugu.

 

Erlazionatuak

Elkarretaratze ibiltaria, bihar, Trianguloatik

Tolosa

Euskal presoen aldeko azken ostiraleko elkarretaratzea egingo dute berriz ere. 20:00etan Trianguloatik abiatuta elkarretaratze ibiltaria egingo dut...
Azken ostiralak Villabonan, Lizartzan eta Berastegin

Lizartzan eta Berastegiko plazetatik abiatuta euskal presoen aldeko elkarretaratze ibiltariak egingo dituzte. Berastegin 19:00etan abiatuko dira et...

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!