Haur eskolara buelta konfinamendua eta gero

Erabiltzailearen aurpegia Bakarne Reguillaga, Ixone Urzelai, Maite Amundarain Irurako Haurreskolako hezitzaileak 2020ko mai. 27a, 12:59

Covid-19a iritsi da. Errealitate berri honetara egokitu behar gara eta hau horrela dela lehenbailehen aitortzen badugu, denbora gehiago izango dugu hausnartzeko eta zein neurri hartuko ditugun ondo pentsatzeko.

Jendartearen arlo guztietan izan du eragina, baita hezkuntzan ere. Lanean jarraitzen dugu eta ilusio eta arduraz ari gara familiekin batera egoera berri honi aurre egiten, jabetzen baikara egoeraren berezitasunaz, eta arduraz urratsak ematearen garrantziaz.

Ematen ari diren erabakiek ardurak hartzen dituztenen artean haurtzaroaren ezagutzaren ezjakintasun oso bat dagoela adierazten dute. Guk lan egiten dugun adin tarteari dagokionez (0-2), min handia ematen digu entzuterakoan edo irakurtzerakoan haur eskoletan egiten duguna ez dela ez hezitzailea ezta pedagogikoa ere. Haur eskolan heziketa bat jasotzen dute. Haurra agurtzen dugunean, hezten ari gara; fardela aldatzerakoan, hezten ari gara; bazkaria eskaintzen diogunean, hezten ari gara; haurrak nola jolasten duen behatzen dugunean, hezten ari gara. Bizipen hauek bizitza osorako izango dira, eta jasotakoa, etorkizunean izango den helduan eragina izango du. Hau horrela izanda, gure lana erantzukizunez burutzen dugu, aipatu dugun bezala, haur eskolan hezten ari baikara.

Ez dugu begirada ezkor bat helarazi nahi, guztiz kontrakoa. Irurako Haurreskolako hezitzaileok pentsatzen dugu izugarrizko aukera dugula nolako haur eskolak eraiki nahi ditugun hausnarketan murgiltzeko. Guk, argi dugu non jarri nahi dugun erdigunea: norbera eta besteenganako harremanetan oinarrituta nahi dugu, non afektibitatea, errespetua eta solidaritatea gailenduko den eta naturarekin harremanetan egongo den. Hau dena zergatik? Etorkizunean izango diren helduengan eragina izango duelako, bizi garen jendarte orekatuago bat eraikitzeko, norbere buruarengan eta besteenganako konfiantza izateko, inguruan gertatzen denaren interesa azaltzeko.

Ziur egon, haur eskola berriro irekitzerakoan haurren ongizate fisiko, psikiko eta emozionalaren alde lan egiten jarraituko dugula irmoki. Emozionalki, haurrak babestuak egon daitezen, honek bere osasunean eragin zuzena izango duelako, heziketa ematen duen haur eskola batean sinesten baitugu, ez beldurrean oinarritzen den batean.

Irurako Haurreskolak, hau dena gauzatzeko hezitzaile taldeak haurrari ematen dion babesaz gain, garrantzizkoa diren baliabide fisikoak ere baditu, haurrak babesten dituen espazioak, haurren garapenaren araberakoak, prestatuak eta zainduak; leiho eta ate ugariekin, honek etengabeko aireztatze aukerak ematen dituelarik; hain garrantzizkoa den kanpora irteteko aukera aberasgarria, haur eskola berak duen kanpo espazio zabal eta posibilitatez betea. Haur eskola txikia da gurea, hurbilekoa, bisitatu nahi gaituen guztientzako irekia.

Amaitzeko, esan nahiko genizueke Irurako haur eskolan ilusio handiarekin ari garela lanean, eta gure indar guztiak horretara bideratzen ari garela, gure txikiak kalitatezko inguru batean hazten ikusi nahi ditugulako. Familiekin hazte prozesua konpartitzen jarraitu nahi dugulako. Jendartean eragiten jarraitu nahi dugulako. Herriarekin elkarlanean aurrera egiteko gogoa dugulako.

Etapa honen garrantzia aldarrikatzen jarraituko dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!