Koronabirusa

Azokak bai!

Erabiltzailearen aurpegia Gutunak 2020ko mar. 25a, 05:59
Argazkia: Artxiboko irudia

Naturkon, Gipuzkoako natur eta ekologista taldeen koordinakundeko Aitor Leiza, Aitziber Sarobe eta Edurne Huesak sinatutako gutuna.

Koronabirusaren krisi larriaren aurrean, neurri zorrotzak hartu dituzte hainbat administraziok, esparru ugaritan. Eta azoketara ere iritsi dira, udal dezentek aurreko astean beren herrietako azokak bertan behera utzi baitituzte. Beste udal batzuek, ordea, segurtasun neurri zorrotzak ezarrita, azokak bestela egiteko aukera eman dute: Arrasate, Azpeitia, Oñati, Ordizia… Krisi hau lezio ugari ematen ari zaigu: osasun eta zaintza sistema publiko indartsuen beharra dugula ez ezik, globalizazioak ekarritako merkataritzak eta ekoizpena kilometroetara eramateak ondorio lazgarriak dituela ere bai, larrialdi egoera honen kasuan bezala. Eta orain ere bizitzeko elikagaiak behar ditugunez, ondoko baserritarrek eskaintzen dituztenak herritarren eskuetara iristea aldarrikatzen dugu, haien beharra izango baitugu orain eta etorkizunean, eta aste batzuetako geldialdia, baserritar askori ekoizpena galtzea ekarriko baitio.

Horregatik, lerro hauetatik Gipuzkoako Foru Aldundiari, Osasun sailari eta udalei eskatzen diegu, behar diren neurriak hartuta, aukera eman diezagutela herritarroi azoken bidez, zuzenean gure baserritarrei bertako fruitu, barazki eta bestelako jakiak erosteko, orain da garaia, kanpaina ugaritan esandakoari eusteko: bertatik bertara, garaiko, bertako eta elikagai ekologikoen alde! Trantsizio ekologikoaren bidean eta Klima Aldaketaren larrialdia murrizteko, ekoizte eta merkaturatze zirkuitu laburrak behar ditugu, horien artean azokak, ahalik eta seguruenak, osasunari dagokionez zein ingurumenari dagokionez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!