Eskerrik asko, Garbiñe

Erabiltzailearen aurpegia Zure lankideak, Anoetako Herri Ikastola 2019ko aza. 7a, 11:57

Gaur, betiko legez, kafeterako mahaiaren bueltan, tutoretzan, pasiloan, Irurako joan-etorrietan, patio zaintzan... zurekin gogoratuko gara. Gaur, duela 51 urte lankide fina, langilea, bihotz onekoa, xumea eta itzalean makina bat lan egindakoa jaio zen. Zorionekoak gu zurekin partekatu dugun momentu bakoitza eta guztiengatik.

«Garbiñe, Euskararen eguna zertan da?». Zenbat lan: Hizki-marrazki lehiaketaren sari banaketaren antolaketa, Hizkuntza proiektua, Euskara Elkartea, kidetzeak, Inauterietako jaialdiko aurkezleen gidoia… Eta zenbat estualdi: bateko, emanaldi erdian mikrofonoa ez dabilela; bestetik, musika tresna isildu dela; hurrena, Ikastola barruan megafoniatik Korrikaren mezua entzun ez dela... «Lasai neska, ongi aterako da». «Bai, pasa eta gero». Eskerrak barre ere majo egin dugun! Zenbatetan esan ote dugu «momentu hauengatik ez balitz». Eta gu hemen eserita, atea ireki eta sartuko ote zaren…

Hala ere, zure hutsunea samurtzen digunik bada gure artean, zure seme-alabak, Iker eta Maider. Badakite Garbiñe, zuk izugarri maite zenituela eta oso harro zinela beraietaz. Eta egon lasai, aitaren, osaba-izeben, lehengusuen, amonen, … goxotasuna badutela bizitzari ilusioz begiratu eta aurrera egiteko. Eta gu ere hemen gaituzte, bidelagun, behar gaituztenerako.

Zenbat kontu Garbiñe, zenbat bizipen, zenbat oroitzapen eta zenbat ilusio. Eta gu hemen, zuri eskerrak nola emango, nola adieraziko zenbat maite zaitugun eta zeinen harro gauden zu ezagutu eta zurekin lan egin izanaz. Mila esker Garbiñe bihotz-bihotzetik!

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!