Helburu politikoak dituzten salaketak akats batengatik

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Ormazabal 2019ko ots. 20a, 19:57

Udalak sare sozialetan argitaratutako eduki baten harira EH Bilduk egindako adierazpen eta eraso larrien aurrean, udal gobernu taldearen izenean, udaleko gizarte sareetako arduradunak ondorengoa dio:

Sare sozialetan kontu ezberdinak kudeatzen ditugunok egin dezakegun hanka sartze batez baliatzen ari da EH Bildu, udaleko komunikazio arduradunaren eta udal gobernuaren kontra egiteko. Udal komunikazio kanalak helburu politikoekin erabili ditugula diote, baina akats bat besterik ez da izan, segundo gutxira zuzentzen ahalegindu ginen hanka sartze bat. EH Bilduk, aldiz, guri galdetu aurretik, hedabideengana jo du, helburu batekin: tolosarren artean zalantza sortu eta azpijokoan gabiltzala esatea. Baina hori ez da errealitatea.

Argi utzi nahi dugu, legealdi osoan, behin ere ez ditugula udaleko komunikazio bideak gure mesedetan erabili. Hanka sartu dugu, eta barkamena eskatzen diegu tolosarrei, baita EH Bilduko ordezkariei ere, egindako akatsagatik eta sortutako eragozpenengatik.

Azkenik, udaleko komunikazio arduraduna alkatetzatik pertsonalki eta zehazki izendatutako kargua dela gogorarazi nahi nuke, gertukoa eta konfiantzazkoa. Beraz, ez da teknikaria, ezta funtzionarioa ere, udalaren zerbitzura dagoen figura bat baizik, funtzio eta eginkizun zehatz batzuk dituena, beste hainbat legealditan gertatu den moduan. Hortaz, lekuz kanpo dago EAJren kanpaina tolosar guztiak ari garela ordaintzen esatea. Ez da zilegi akats batengatik komunikazio arduradunaren profesionaltasuna zalantzan jartzea. Edonola ere, barkamena eskatzen dizuegu egindako akatsagatik eta jakinarazten dizuegu horrelakorik berriz ere gerta ez dadin neurriak hartu ditugula.

 

Joseba Ormazabal
Tolosako partehartze zinegotzia

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!