“Produktua sentitzeko bidea ere izaten zen bilketa”

Erabiltzailearen aurpegia Miren Garate 2020ko urr. 24a, 12:00

Ozaitak uste du Ibarran piperra ez dela baratzeko fruitu soil bat. Esan du produktu horrek kokatu duela herria mapan, eta, horrez gain, "herritarren arteko kohesio soziala" ere haren bueltan eraiki dela.

Ibarraren eta piperraren arteko harremanari buruzko liburu bat egin du Josu Ozaita antropologoak (Ibarra, 1980), ekoizleekin, herritarrekin, biltzaileekin eta abarrekin hitz eginda. Produktuaren “balio eta dimentsio sakona” transmititzea izan da haren helburuetako bat.

Nondik nora etorri da Ibarrako piperrari buruzko liburu hau?

Ibarrako piperra bultzatzen duen 789 elkartekoek afari batean komentatu zidaten piperrak oinarri teorikoa behar zuela, bilketa lana. Ni orduan Antropologia graduko azkeneko urtean nengoen, eta gradu amaierako lana Ibarrako piparra antropologiaren ikuspegitik ikerketarekin egitea erabaki nuen. Hori izan zen abiapuntua, eta, ondoren, Ibarrako Udalak ikerketa sakonagoa eta liburua bultzatu ditu.

Ekoizleekin, piper biltzaileekin eta abar egon zara. Zer ezaugarri dituzte Ibarrako piperraren ekoizleek?

Lau enpresa daude piperraren bueltan, eta bat ez beste guztiak oso txikiak dira. Faktore ekonomikoa ezinbestekoa da aurrera egiteko, baina nik uste dut ekoizle horientzat alde emozionala ere bultzada handia dela. Azken batean, herriko ikurra edo sinboloa potoetan biltzen dute, eta horrek sortzen du halako harrotasun eta animo bat.

Biltzaileen atalari Ikusezinak izena jarri diozu. Zer harreman izan ohi dute herriarekin?

Autoan baratzeen ondotik pasatzean, halako itzal moduko batzuk ikusten ditugu. Arazorik ematen ez dutenez, ez gara haietaz arduratzen: ikusezin dira gure begietan. Haiengana hurbildu nahi izan dut, haien bizipen, amets eta arazoak ezagutu. Egia esan, piperrik gabe ez litzateke gaurko Ibarra izango, eta munduko hainbat txokotako langilerik gabe ez litzateke piperrik izango, gaur egun haiek baitira piperrak biltzen dituztenak. Haientzat, piperra baliabide ekonomiko bat da, bizitza aurrera ateratzeko bide bat, laranjak, mahatsa edo sagar biltzea izan daitezkeen bezala. Herriko jai batzuetan txupinazoa bota behar lukete, omenaldi moduan.

Zeu ere aritu zara bilketan eta salmentan. Zer kontatuko zenuke esperientzia horri buruz?

Piper bilketan astebetez aritu nintzen, goiz eta arratsalde, piperra bildu gabe ezin daitekeelako piperraren inguruko liburu bat idatzi. Piper sailetan sartzea beste lurralde batera bidaiatzea zen niretzat, beste piperzaleak jatorri desberdinetakoak zirelako, eta berezia delako piperra biltzea. Askoren ustez, baratzeko lanik gogorrenetakoa da: erdi makurtuta egon behar da, gerriak zigortzeko postura errepikakorrean. Horren inguruko deskribapena da liburuko atal bat, eta piperrari horrek balio gehigarria ematen dio, ezagutarazi egiten duelako alor gogor hori. Gogortasun hori dela eta, inguruko langileak piperra biltzen lanean hasten direnean, egun gutxi irauten dute. Jatorri desberdinetako piperzaleek porrak egiten dituzte haien iraupenaren inguruan, eta, hala, urtu egiten da euskaldun langile gogorraren mitoa.

Gazteen ikuspegia ere sartu nahi izan duzu. Belaunaldiz belaunaldi aldatuz joan da ikuspegi hori?

Duela hamarkada gutxi, herriko 14-15 urteko gazteek biltzen zituzten piperrak, eta askorentzat lehen lanbidea izaten zen. Arazoak izaten ziren, baina anekdota, istorio eta bizipen ugari uzten zituen oroimenean, eta produktua sentitzeko bidea ere izaten zen bilketa. Gaur egun, ikastolak eta 789 elkarteak San Isidro Egunean landaketa sinbolikoa egiten dute ikasleekin. Transmisioak jarraitzen du, baina pertzepzioa erabat desberdina da.

Pintxo errezetak ere bildu dituzu liburuan.

Bai, Xepla elkartearekin batera egin dugu bilketa. Xepla elkarteak piper pintxoen lehiaketa antolatzen du urtero. Aurreko urteetako pintxoen errezetak eta argazkiak bildu ditugu, eta, horretarako, egileak ekarrarazi genituen egun batean. Polita izan da, sormen handia eta ondare gastronomikoa direlako pintxo berezi horiek, eta, hala, piperrarekin egindako 32 pintxo bildu ditugu liburuan.

 

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzako webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!