Festa berdinzaleagoen alde, denak elkarrekin arraunean

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2019ko uzt. 29a, 13:10

Sexu erasoen kontrako protokoloak ohikoak dira herrietako festetan; ez da hain ohikoa, ordea, herriko festen antolakuntza genero irizpideak kontuan hartuta egitea. Anoetako Udalak irizpide horiekin antolatu zituen iaz herriko festak, eta baita aurten ere. Berdintasun protokoloa osatua dute, eta horri erreparatuta antolatzen dituzte bai herriko jaiak, eta baita herrian antolatzen diren bestelako festa eta jarduerak ere. Protokoloaren edukiak badu pisua, baina, batez ere, protokoloa lantzeko moduan jartzen dute azpimarra Josune Eizmendik eta Saioa Tolosak, Anoetako Udaleko Parekidetasun zinegotziek; aurrekoa eta gaur egungoa, hurrenez hurren.

2017ra jo behar da prozesuaren abiapuntua topatzeko. “Jaien lanketan berdintasun irizpideak txertatu behar zirela erabaki genuen orduan”, dio Eizmendik. "Gai sakona zela esan ziguten Foru Aldundiko Berdinbidean zerbitzuko aholkulariek, antropologia aldetik aztertu behar zela, genero ikuspegitik aztertu behar zela… aholkularitza beharko genuela”.

Farapi Kooperatiba Elkartearekin egin zuten prozesua, eta, lehenik eta behin, behaketa bat egitea proposatu zieten. “Herri aktibazioa ezinbestekoa zela ere esan ziguten; herriko eragileak, udal langileak, brigadako langileak, tabernariak… aktibatu behar genituela”. Eta lortu zuten herritarrak eta herri eragileak gerturatzea: herriko bi elkarteak, gaztetxea, ikastola, musika eskola, herriko talogileak, dantza taldea, txosna batzordea, Matraka emakume taldea… Talogile taldeko kidea da Saioa Tolosa; orain zinegotzia den arren, herriko eragile gisa parte hartu zuen prozesuan.

Ondo oroitzen du hasiera. “Antropologia mailako formakuntza bat eman ziguten, eta lanean jarri gintuzten berehala”. Lehen ariketa izan zen 2017ko festetako behaketa egitea. “Betaurreko moreak jarrita eta argazki kamera eskuetan genuela ateratzea eskatu ziguten. Jende oso ezberdina geundenez, eta festetako ordutegi eta ekitaldi guztiak hartzen genituenez, bakoitzak konpromisoa hartzen zuen argazki bidez ikusten genuena islatzeko”.

Irakurri erreportajea Gipuzkoako Hitzan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!