"Beltzaran egoteak ez du esan nahi babestuago gaudenik"

Erabiltzailearen aurpegia Ane Ubegun Goikoetxea 2019ko uzt. 5a, 11:58
Argazkia: Maialen Andres/Foku

Azaleko minbiziaren inguruko informazioa emateaz gain, bizi ohitura osasungarriei buruzko informazioa emango du aurten AECC minbiziaren aurkako elkarteak Uda osasungarria kanpainaren bidez. Maider Sierra (Ibarra, 1978) izango da elkartearen unitate ibiltarian herriz herri ibiliko diren arduradunetako bat. Uztailaren 30ean amaituko da kanpaina, Orion.

Zein da kanpainaren helburu nagusia?

Argi duguna da hainbat bizi ohitura oso lotuak daudela gure osasunarekin; proiektu hau sortu genuen gaixotasun oro eta, batez ere, minbizia gutxitzeko helburuarekin. Proiektu honetan bultzatu nahi duguna da kasu batzuetan posible dela ohitura batzuk aldatzea. Lau ideia lantzen ditugu, bereziki. Alde batetik, bizimodu aktibo bat sustatzea: informazio asko dagoen garai batean bizi gara, baina ideia horiek askotan ez ditugu gauzatzen gure egunerokoan. Badakigu garrantzitsua dela bizimodu aktiboa izatea, baina udan atera egiten gara gure egunerokotik, eta alde batera uzten ditugu hainbat gauza; adibidez, bizitza aktiboa edo hidratazio egokia. Garagardoa, kalimotxoa… eta halakoak edaten ditu jendeak, baina oso gutxik edaten dute ura. Gaztetxoek bai, baina beste edari batzuk aukeratzen dituzte adin batetik aurrerakoek. Eta, nola ez, freskagarriak.

Elikadurari dagokionez, hondartzara edota mendira joaten garenean, janari mota baten alde egiten dugu beti, jaki prozesatuagoen alde: ogitartekoak eta halakoak. Alde batera uzten ditugu pixka bat barazkiak eta frutak. Sustatzen ari garena da ekintza horietan ere fruta jatea, eta, ogitartekoak hartu beharrean, janaria tuperrean ere eraman daitekeela erakustea; edo etxetik ateratzen garenetan inguruko tabernetan kontsumitu beharrean, elikadura zaintzeko hainbat produktu badaudela azpimarratzea.

Nagusiki, zein dira aldatu beharreko jarrerak?

Informazioa barneratzea nahiko genuke. Jendeak badaki zer erantzun galdetzen diegunean; badaki zer garaitan duen eguzkiak indarrik handien, ura dela gehien hidratatzen duen edaria, eta alkoholak deshidratazioa sortzen duela. Jarrera aldaketa da informazio hori barneratzea eta, barneratzen dugunean, praktikan jartzea. Bitartean, mitoak hausten saiatzen gara, alkoholaren eta kremaren ingurukoak, adibidez.

Uda garaian areagotu egiten dira, beraz, ohitura txarrak?

Bai, erlaxatu egiten gara, eta uste dugu behin krema ez emateagatik edo etxetik kanpo jateagatik ez dela ezer gertatzen. Baina kontua da udan luzatu egiten dela jarrera hori. Gure nahietako bat da iraila ez iristea ohitura aldaketak egiteko; normaltasun batean jarrai dezagun gure osasuna zaintzen.

Bizitza aktiboa aipatu duzu. Jendeak kirol gutxiago egiten al du udan?

Uda aipatzean, ia denoi etzanda egotea etortzen zaigu burura. Gu saiatzen gara kirol hitza ez erabiltzen, bizitza aktibo bat eduki baitaiteke kirolik egin gabe ere: lanera joan, haurrekin egon… Kirola egitea baino gehiago, bizitza aktiboa izatea da kontua; oinez ibiltzea eta geldirik ez egotea, alegia.

Zumba saioak ere antolatu dituzue.

Erakutsi nahi dugu hondartzan gaudenean ere zumba saio bat egin daitekeela, zutitu eta musika jarrita. Gauza sinbolikoak egiten ditugu hondartzara joaten garenean, jendea modu alai batean mugitzeko.

Zer neurri proposatzen dituzue minbizia saihesteko?

Hainbat minbizi motatan dute eragina neurri horiek guztiek. Azaleko minbizia eguzkiaren erradiaziotik babestuz saihets dezakegu, baina, gero eta ikerketa gehiagoren arabera, gehiegizko pisuak harreman zuzena du minbiziarekin. Gure helburua beti izango da elikadura osasuntsua eta bizi estilo aktiboa sustatzea.

Eguzkitako edozein kremak balio du azaleko minbizia saihesteko?

Guretzat, azken aukera da krema. Desegiten ez diren babesak gomendatzen ditugu guk beti: txapelak, betaurrekoak, arropa, itzala… Hori da beti gure lehen aukera. Hasiera batean, kalitate hobea eskainiko dute krema dermatologikoek. Azalean ematen duguna izango da kremarik onena; erosi egiten dugu askotan, baina gero ez dugu ematen. Benetan gustuko dugun krema bat izan behar du. Bakoitzak ikus dezala zein gustatzen zaion gehien; hori bai, 30eko edo 50eko babesa dutenak erabili behar dira. Behar dugun baino askoz krema gutxiago erabiltzen dugu beti; beraz, ematen dugunean, behintzat, eman dezagun babes altua duen bat. Babes txikia duen krema bat oso kantitate txikian ematen badugu, ezer ez ematearen parekoa izango da.

Askok babes handiko krema ematen dute hasieran eta txikiagokoa gero.

Horrelako kontuak galdetzen dizkigute, bai. Beltzaran egoteak ez du esan nahi babestuago gaudenik. Horrek esan nahi duena da azal horrek erradiazio handia jaso duela, eta melanina aktibatu egin dela. Azala eguzki izpietatik babestu behar izan delako jarri da beltzaran; justu kontrakoa da. Gaixotasunen artean, isilean gertatzen diren alterazioak dira sendatzeko zailenak eta arriskutsuenak, ez garelako ohartzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!