“Oraindik ez dugu lortu soldata arrakala dagoela onartzea”

Erabiltzailearen aurpegia
“Oraindik ez dugu lortu soldata arrakala dagoela onartzea”
Argazkia: Jon Urbe/Foku

227. greba eguna dute gaur Gipuzkoako polizia etxeetako eta epaitegietako garbiketa zerbitzuko langileek; irailaren 19an ekin zieten protestei. Greban dauden 30 langileetako bat da Nekane Zabala (Villabona-Amasa, 1973).

Kale garbitzaileen oinarrizko soldatarekin alderatuta, %13 gutxiago kobratzen dute polizia etxeetako garbitzaileek, eta epaitegietakoek, %7 gutxiago. Arrakala hori amaitzeko eskatu dute, eta, egoera konpondu bitartean, greban jarraituko dute. Maiatzaren 17an bilduko dira berriz garbitzaileen lana kudeatzen duen Garbialdi enpresarekin.

Luze doa greba. Nola zaudete?

Gorabehera askorekin gabiltza. Hala ere, indartsu gaude. Eskaera bat egin dugu, eta ez gara hortik jaitsiko. Hilabete asko daramatzagu borrokan; kolpe ugari jaso ditugu, eta kemena eman digu horrek. Ez dugu astakeriarik eskatzen, eta bada garaia konturatzeko ez gabiltzala txorakeriatan.

Zein da egoeraren erantzulea?

Guk Garbialdi enpresarentzat egiten dugu lan, baina Eusko Jaurlaritzak kontratatutakoa da enpresa hori. Bien artean konpondu beharko lukete egoera. Soldata igoera bat eskatzen ari gara, eta enpresa arduratzen da ordaintzeaz, baina Jaurlaritzak jartzen du dirua. Enpresarekin moldatu behar dugula dio Jaurlaritzak, baina gero eta kaskarragoa da gure egoera, eta horren ardura ez da Garbialdirena bakarrik.

Hilabete hauetan izan da aurrerapausorik enpresaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik?

Jaurlaritzak ez du pausorik eman. Sindikatuek bilerak eskatu dizkiote [ELA, LAB, ESK eta UGT daude auzian], baina ez ditu onartu. Garbialdirekin, ordea, bildu gara. Eskaintza hobeak egin dizkigute azken boladan, baina lotsagarriak ziren lehenengo bost hilabeteetan egin zizkigutenak. Hala ere, oraindik ez dugu lortu onartzea soldata arrakala dagoela, ezta horri aurre egiteko neurriak hartzea ere.

Emakumeak zarete garbitzaile gehienak. Horrek eragina du lan gatazkan?

Dudarik gabe. Emakumeek izan dute beti garbitzeko ardura, eta oraindik ere jarrera batzuek erakusten digute egoera ez dela guztiz aldatu. Bizkaiko zahar etxeetako langileen egoera azaltzen duen liburuan irakurri nuen [Onintza Iruretaren Berdea da more berria] gizonezkoen soldataren laguntza moduan hartu izan dela emakumezkoena. Horrela dago ikusita gure lana. Ez da tituludun lan bat, etxeko lan bat ematen du; etxetik kanpo egindako lantxo bat. Baina guk astean 35 ordu igarotzen ditugu lanean, eta, kale garbitzaileak bezala, gu ere langileak gara.

Soldata arrakala amaitzeaz gain, zenbait lan egiteagatik gehigarri bat jasotzea ere eskatu izan duzue.

Kale garbitzaileek gehigarri bat jasotzen dute lan jakin batzuk egiteagatik, eta gu ez gara kexatu orain arte. Urteak daramatzagu ziegak musu truk garbitzen, baina guk ere merezi dugu gure lana ordaintzea. Kalabozoetan kartelak daude non neurriak jasotzen diren hazteriari eta tuberkulosiari aurre egiteko, baina dirutan ez digute errekonozitzen arrisku hori. Garbitzaileak gara, eta gure lana da ziegak ere garbitzea. Ados gaude horrekin, baina ordaindu egin beharko litzatekeela uste dugu.

Nola kudeatzen dituzue gutxieneko zerbitzuak?

Mezua bidaltzen digute zer garbitu behar dugun esanez. Egunero ari gara greban eta protestekin, baina, gutxieneko zerbitzuak direnez, lanera joan behar izaten dugu. Manifestaziora joan aurretik edo hura bukatzean egin ohi ditugu lanak. Astean bitan, esaterako, sarrerako komunak garbitu behar izaten ditugu. Xaboia eta papera jarri behar izaten dugu horietan. Bulegoetan, aldiz, ezin izaten dugu halakorik jarri. Urteko 365 egunetan, 24 orduz, langileak izaten dira bulegoetan, eta badakigu baliabide horiek etxetik eramaten hasiak direla.

Polizia etxeetako eta epaitegietako langileek ulertzen al dute zuen egoera? Babesten zaituztete?

Oro har, gogor eusteko esaten digute. Kexak jarri eta jarri ari dira. Arratoiak azaldu izan direnetan, adibidez, argazkiak atera izan dituzte. Eurek jasaten dute egunero zikinkeria. Publikoa, ordea, ez da ohartzen egoeraz; ezkutuan gelditzen da.

Ezohiko garbiketa bat ere egin behar izan zenuten.

Grebaren bosgarren hilabetean izan zen. Egun bakarra eman ziguten polizia etxe osoa garbitzeko. Eusko Jaurlaritzatik gizon bat etorri zitzaigun ondo garbitzen ari ote ginen kontrolatzera. Sekulako umiliazioa izan zen. Polizia etxeak irailaren 18an zegoen bezala gelditu behar zuela esan zuen; hau da, greba hasi aurretik zegoen moduan. Bost hilabete haietan egindakoa alde batera utzi eta greba hutsetik hastea izan zen hura. Derrigortuta geunden lan hori egitera, eta garbitu genituen polizia etxeak. Hala ere, indarra eman zigun, eta jabetu ginen zer ari zen gertatzen. Orain ere badago horrelako beste garbiketa bat eginarazteko beldurra. Euren alde dago legea; betetzen ez badugu, salaketa jarriko digute. Galtzeko arrisku handia dugu.

Epe laburrean, konponduko al da gatazka?

Enpresak eta Eusko Jaurlaritzak nahi izanez gero, bai. Jaurlaritza ez bada mugitzen, azken hilabetean bezala jarraituko du enpresak; eskaintza berari eutsiko dio kasu horretan.

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!