Euskararen Eguna 2021

Osasuna: datuak eta korapiloak

Erabiltzailearen aurpegia

Nahikoa da eskualdeko edozein osasun etxetatik pasatzea ikusteko hamarkada hauetan zenbat egin duen aurrera euskarak: bai ahozko zerbitzuan, bai langileen artean, bai hizkuntza paisaian. Osasunekoa da herritarrek gehien erabiltzen duten zerbitzu publikoetako bat, eta hizkuntza ezinbesteko osagaia du: pazientearen ongizatea baldintzatzen duelako, kalitatearen oinarrietako bat delako, herritarren eskubidea delako. 

Eskualdeko osasun zerbitzu publikoko langile gehienak gai dira zerbitzua euskaraz emateko —gaztelaniaz, denak—. UEMAk aurten egin du osasun profesionalek egiaztatutako hizkuntza gaitasunari buruzko azterketa: eskualdean 155 lanpostu dira; 153k zehaztua dute hizkuntza eskakizuna (%99); eskakizuna betetzea derrigorra da 144 postutan (%93); eta 118 lanpostutan daude eskakizuna lortua duten langileak (%76). Bestela esanda: lau postutik batean ari dira dagokien eskakizuna egiaztatu gabeko langileak. Hutsune nagusiak pediatrian eta arreta espezializatuan daude; egoera onena, familia medikuetan.

Orain dela lau urtetik, herritar guztiek aukera daukate Osakidetzari esateko zein hizkuntza ofizialetan jaso nahi duten zerbitzua. Osasun zentrora joatean galdetu ohi dute, historia klinikoan jasota uzteko. Eskualdeko herritarren %78k hautatuta daukate hizkuntza: haietatik %62k euskarazko zerbitzua eskatu dute, eta %38k, gaztelaniazkoa. Eskualdeko datu soziolinguistikoak ikusita, badago zenbaki horiek hobetzeko aukera, nahiz eta zailtasun batzuk ere badiren —adibidez, medikuarekin beti erdaraz aritzera ohitu izana—. Euskararen Eguna badatorren honetan, ez da ariketa txarra: eskatu euskarazko zerbitzua Osakidetzari. Haren ardura da zerbitzua euskaraz ematea.

Lau postutik batean ari dira dagokien eskakizuna egiaztatu gabeko langileak. Hutsune nagusiak pediatria eta arreta espezializatuan daude.

Osakidetzari dagozkio datu horiek denak. Eskualdean, ordea, Asuncion klinikak ematen du osasun zerbitzu publikoaren zati bat. UEMAk bi aldiz eskatu dizkio klinikari langileen hizkuntza gaitasunari buruzko datuak, baina isiltasuna izan da erantzuna. Eguneroko jarduna ikusita, jakina da eskualdeko osasun etxeak baino atzerago dagoela Asuncion. Iragarpenak betetzen badira, ospitale publikoa izango du eskualdeak gutxi barru. Korapilo asko dago argitzeko: zer zerbitzu emango dituen, Asuncionek emango ote duen zerbitzu publikorik, zer gertatuko den urteetan Asuncionen zerbitzu publikoa ematen aritu diren langileekin… Korapilo horietan txertatu behar da hizkuntzaren aldagaia ere: ikusita ospitale publikoak zein eskualderi emango dion zerbitzu, derrigorrezkoa da langileria euskalduna izatea.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!