Euskararen Eguna 2021

Udalak: aukera eta ardura

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Goikoetxea, Uemako euskara teknikaria 2021ko aza. 6a, 07:56

Zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea bermatua dago eskualdeko udaletan: herritarrek, oro har, ziurtatua dute udalean euskaraz zerbitzu emango dietela. Hala behar du: herritarrak dira hizkuntza eskubideen jabe, eta erakundeen obligazioa da eskubideak bermatzea. 

Hamarkada hauetan pauso handiak eman dira udalen jarduna euskalduntzen, eta eskualdeko udal gehienek euskara dute eguneroko lan hizkuntza. Lorpen handia da: orain 30 urte Uema eratu zuten udalek amesten zutena. Bidea ez da amaitu, ordea: euskara sustatzeko aukera eta premia gehiago agertu dira. 

Lege aldetik eman dira horretarako pausoak azken urteetan: 2016an onartu zen EAEko Udal Legea, eta hizkuntza politikaren eskumena eman zitzaien udalei; hiru urte geroago, 2019an, dekretu bidez zehaztu zen hizkuntza politika hori nola gauzatu. Aukerak eta ardurak ekarri dituzte lege horiek: aukerak, hizkuntza politikan pauso aurreratuagoak eman nahi dituzten udalei modua jarri dietelako urratsak segurtasun juridikoz egiteko; eta ardurak, euskararen aldeko hizkuntza politika aktiboa egiteko betebeharra ezarri dietelako udal guztiei. Auzitegien ezpatapean daude arau horiek —Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aztertuko ditu—, baina oraingoz, indarrean.

Inon izatekotan, Tolosaldean dago hizkuntza politika aurreratu hori garatzeko aukera: herritar gehienek euskaraz jotzen dute udaletara; langile gehienak prestatuta daude euskaraz lan egiteko; eta hautetsi gehienak euskaldunak dira. Zimendu sendoa da. Aukera horrek ardura ere jartzen du udal horien gain: aukerei etekina ateratzea. Desberdintasun handiak daude udalen artean: eskualdean badira euskara planik ez duten udalak, kontratazio publikoetan hizkuntza klausula egokiak jartzen ez dituztenak, euskaraz egin daitekeen guztia euskaraz egiten ez dutenak, edo hirigintza proiektuak onartu aurretik horien eragin linguistikoa aztertzen ez dutenak. Lege betekizunak dira denak: derrigorrezkoak. Eta, inon izatekotan, Tolosaldean egin beharrekoak.

Hala behar du: herritarrak dira hizkuntza eskubideen jabe, eta erakundeen obligazioa da eskubideak bermatzea

Hizkuntza politika eskualde ikuspegiz lantzeko pausoak eman dira azken urteetan: aurrerapauso sendoak. Horrek ez du begi bistatik kendu behar, ordea, eragile bakoitzaren ardura: udalek lege obligazioak dauzkate, eta ezinbestekoa dute horiek betez hizkuntza politika aurreratua egitea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!