Hauteskundeak eta etorkizuna

Erabiltzailearen aurpegia

Joan den igandean Euskal Autonomia Erkidegoan hamabigarren legegintzaldiko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin genituen.

Orain, egun batzuk igaro ondoren, emaitzak aski ezagunak dira eta ondo aztertu dira.

Egia esan, ez zegoen intriga handirik, ezta, itxuraz, erabaki beharreko gauza handirik ere. Inkestek garbi esaten zuten nork irabaziko zuen eta, horren ondorioz, norekin gobernatuko zuen, hau da, orain arte bezala, EAJk PSE-EErekin.

Halere, mahai gainean bazegoen proposamen interesgarri bat bestelako gobernua izan ahal izateko, Elkarrekin Podemos-IU-Ezker Anitzak (EP) egindakoa: gobernu ezkertiarra osatzea berak, PSE-EEk eta EH Bilduk. Argi egon zen hasiera hasieratik PSE-EEri ez zitzaiola inolaz ere interesatzen eta proposamen horrek oso jarrera deseroso batean jartzen zuela. Beraz, PSE-EEk erabakita zeukan berriro ere EAJrekin bat egingo zuela.

Beraz, inkognitarik nagusiena garbi geratu zen.

Baina, noski, Parlamentu bat ez da hautatzen gobernua osatzeko helburu bakarrarekin. Parlamentu batek bizitza propioa dauka, botere legegilea erabiltzen du eta, beraz, legeak onartu eta ildo politiko nagusiak finkatzen ditu, gobernuaren kontrol politikoa egiteaz gain. Ez da gauza gutxi, inolaz ere.

Kontuan har dezagun %52,8ak bakarrik bozkatu zuela eta, beraz, ia erdiak besteon esku utzi duela ardura hau

Orduan, Eusko Legebiltzarra nola osatuko zen, berez, garrantzitsua zen. Baina ez du ematen honek interes handirik sortu zuenik herritarrongan. Kontuan har dezagun %52,8ak bakarrik bozkatu zuela eta, beraz, ia erdiak besteon esku utzi duela ardura hau. Eta ulertzen dut ez dela soilik osasun-krisiaren eta lurralde honetan gertatu berri diren izurritearen agerraldien ondorioa, baizik eta sakonagoa, gizartean gehiegi barneratzen ari dena. Gizartea batzuetan desilusionatuta dago bere partaidetza politikoa ordezkariak aukeratzeko botora mugatuta ikusteagatik eta, ondoren, hainbat eta hainbat gai interesgarriri buruz horietako asko hauteskunde-eztabaidan ere egon ez direnak- iritzia emateko ahotsik ez izateagatik. Eta ez dakit zer jende abstenitu den edo zer egin duten lehen aldiz botoa eman zezaketenek, 70.000 gazte inguruk. Erakundeei eta gizarteari interesatzen zaizkien gaiak dira, eta, beraz, sakon aztertu beharrekoak.

Legebiltzarra osatuta, badakigu bigarren indarra EH Bildu dela, eta bultzada handia izan duela. Argi dago bera dela, EAJrekin batera, beste alderdi irabazlea. Ezkerreko euskal espaziotik hartu ditu botoak, hau da, EPtik, eta, seguruenik, erroldan lehen aldiz sartu den boto gaztetik, eta eserlekuetan gainditu du bere emaitza historiko onena, 2012koa. Alderdi guztiek boto kopuru handia galdu duten arren, 2016arekin alderatuta, abstentzio handiaren ondorioz, EH Bilduk 23.000 boto irabazi ditu. Eta horrek esanahi handia du.

Bestalde, EPk aringarririk gabeko porrota jasan du, Espainiako Gobernuan duen presentzia erabakigarria eta gizarte gaietan dituen jarrera eta erabaki aurrerakoiak errentagarri ez izateaz gain, hautesleek beren jokabide batzuk nabarmen islatzen baititu: adibidez, Urkulluren Gobernuaren aurrekontuei aurreko zuzendaritzapean emandako babesa, eta Estatuko buruzagien jarrera ulertezinak Echeniquek GALen ikerketa batzordeari buruz egindako adierazpenak

hemen min handia egin zutenak-. Eta, jakina, baita ere barne-hausturek eta hauteskunde prozesu honen atarian lidergo-aldaketak ere. Porrot horrek agerian uzten du, bestalde, EPko hautesle askok botoa Euskadiko ezkerreko beste indar bati EH Bilduri eman diotela eta lurralde honetan hauteskunde-gune horri eusteko egiturazko zailtasuna izan lezakeela, nahiz eta oraindik hori zehazteko goiz den.

Eta, bukatzeko, une zehatz honetan garrantzirik ez duen baina beti interesgarria den beste ondorio bat: EPk proposatutako ezkerreko koalizioak gehiengo osoa izango luke gaur egun 38 eserleku zehatzak, 2016an bezalaxe, eta hori, nolanahi ere, iragarpen ona da etorkizunerako, errezeloak, ulertezinak eta erosotasunak gaindituz joango balira.

Hausnarketa gehiago egin daitezke, noski: Eusko Legebiltzarra inoiz baino abertzalegoa hautatu dela edota Tolosaldeko herri gehienetan edo guztietan, beharbada-, EH Bilduk irabazi duela. Edota EAJren indarra horrenbeste urte Gobernuan egon eta gero…. Baina gaur ez dago gehiagorako lekurik.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!