Koronabirusa

Gaixotasuna, ahultasuna eta ardura soziala eta publikoa

Erabiltzailearen aurpegia Garbiñe Biurrun Mancisidor 2020ko api. 3a, 11:42

Garai berriak bizitzen ari gara, berriak eta oso larriak, nire belaunaldikoek inoiz ezagutu ez ditugunak. Ez dut ezer berria esaten, denok gara horren kontziente eta jende asko pentsalariak barne horretaz hausnartzen ari dira.

Gure bizitza hankaz gora dago, etxeetan gordeta gaude, gaixotasunaren beldurrez, maite dugun jendea besarkatu gabe, edozeinengandik aholkatu zaigun gutxieneko tartea mantenduz, ohitura berriak onartuz eta egutegiari begiratuz. Hau luze doala esaten zaigu eta dagoeneko hori barneratuta daukagu.

Ez nuen nik pentsatuko horrelako bizimodu zailaren aurrean horren jarrera positiboa izango genuenik

Ez nuen nik pentsatuko horrelako bizimodu zailaren aurrean horren jarrera positiboa izango genuenik, gure etxeetan ezohiko elkarbizitza, orokorrean, horren erraza izango zenik edo ez horren zaila, behintzat- eta horrenbeste ekimen sozial sortuko zenik. Baina horrela gertatzen ari da, zorionez, guztion ahaleginari esker.

Denok egokitu gara, arlo pribatuan zein publikoan, denok egiten ari gara lana modu desberdinean, etxean edo betiko lantokian, baina neurri berriak hartuz. Denok baztertu ditugu gure ohitura sozialak eta baita gure harremanak mantentzeko erak nonbait, badirudi Whatsapp-a gutxiago erabiltzen eta dei zuzen gehiago egiten ari garela, maite dugun jendearen ahotsa entzun nahian-. 

Egokitzen ari gara, baita gure erantzun publikoa ere. Hezkuntzan, osasungintzan, langabeziaren kudeaketan… Arlo guzti horietan erantzun berria dago: eskolak online ematen, ospitaletan ahalegin bereziak egiten, prestazio sozial berriak sortzen ari dira... Neurri hauek gizartearen zati handia, oso handia, babesten dute, baina ez herritar guztiak.

Halaxe da. Oraindik pertsona asko dago neurri horietatik kanpo. Hezkuntzan, adibidez, ikasle askok ez du bitarteko nahikorik beren eskolak internetez jarrai ahal izateko -datu hau, gainera, hezkuntza publikoan bereziki larria da-. Honek hausnarketa sakona eta erantzun publiko eraginkorra beharko du, inor atzean gera ez dadin, tresna material ezagatik, behinik behin.

Prestazio sozialei buruz ere gauza bera esan daiteke. Gehienok gaude babestuta, gure soldata jasotzen jarraitzen ari garelako, edo horren ordez langabezia prestazioa jasoko dugulako. Baina hori ez da herritar guztion egoera eta asko daude horrelakorik izango ez dutenak, arrazoi desberdinengatik, baina denak injustuak. Honek ere erantzun berezia eskatzen du, garai guztietan pertsona guztien behar guztiek merezi duten moduan.

Ea bizitzak eman digun aukera berri honetaz baliatzen garen guztia berrikusteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!