Hitzez Hitz

Euskara eta politika

Erabiltzailearen aurpegia Galtzaundi euskara taldea. Xabier Telleria 2022ko urt. 8a, 16:58
Euskararen Aholku Kontseiluaren aurkezpena. JON MIRANDA

Euskarak eman digu albisterik Tolosan 2021ean. 

Batetik, Euskararen Aholku Kontseiluaren sorrera, orain 35 urte baino gehiago sortutako Udaleko Euskara Batzordearen lekua betetzera datorrena, izan ere batzorde horrek azken aldi luzean galdua baitzuen izaera hori. Gure udalerrian euskararekin eta bere zabalkundearekin zerikusia duten eragile nagusiak ordezkatuta daude kontseilu horretan.

Eta Euskararen Aholku Kontseiluaren eskutik iritsi zaigu, halaber, bigarren berri ona: Euskara Sustatzeko Ekintza Plana 2022-2024. Aurreko planaren (2015-2019) ebaluazioarekin batera, ez da falta datozen urteotarako asmorik, plangintzarik eta proiekturik. Badago nora begiratu.

Aurreko plangintzaren ebaluazioari erreparatuta, badago datu bat atentzioa eman didana, Siadecok 2019an egindako ikerketa batetik aterata. Euskararen erabilera areagotzeko behar diren faktoreen artean, gutxien aipatutakoa «gaia ez politizatzea» izan da. Uler bedi, alderdi politikoen artean xextrarako edo, beste modura, inork gaiarekin etekin politikorik lortzeko ez erabiltzea. Eta gutxi aipatze horrek adierazten du inork gutxik jartzen duela zalantzan gure kasuan euskarak aurrera egin badu eta aurrera egingo badu, euskarak politika behar duela hizkuntza politikak beharrezkoak diren neurrian.

Euskararen erabilera areagotzeko behar diren faktoreen artean, gutxien aipatutako «gaia ez politizatzea» izan da

Eta esango nuke, nahi gabe ere, alderdi politikoen arteko sesiotik nekez libratuko garela, ikusita gure inguruko hizkuntza hegemonikoen alde bezala euskararen aurka makinaria judiziala martxan jarrita daukaten estatuek nola jokatzen duten. Frantziako Estatuak mugak jarri dizkio hezkuntza arloko murgiltze sistemari, eta Pirinioetatik hegora ere, katalanaren gehiegizko zabalkundearekin tematuta dagoenik ere ez da falta, gobernuek (kasu honetan Generalitateak) eta legebiltzarrek kontsentsuz lortutako akordioak eta urteetan aplikatutako praxiari oztopoak jartzeko. Bulkada politiko hutsez jardunda; gutxiengo baten bulkadaz; estatuen aparatu judizialaren oldarraz.

Ongi etorriak planak eta asmoak. Bide orriak komenigarriak ez ezik, ezinbestekoak bihurtzen dira kontsentsuz adostutakoak norabide jakinean burutzeko. Baina orain gutxi katalan kualifikatu batzuek idatzitako artikuluan adierazi bezala, maila guztietako gobernu eta legebiltzarrek izan behar dute gure hizkuntzaren lehen babes lerroa arlo guztietan. Badago horren beharrik, eta aurrerantzean behar handiagoa izatea ezin baztertuko zerbait da. Oker bageunde!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!