Hitzez Hitz

Pantailak eta zenbakiak

Erabiltzailearen aurpegia

Bat: 22. Erkidegoko herritarren %22k ikusi zuten ETB1en Realaren eta Athleticen arteko finala, eta %52k Telecincon; euskaldunen artean, %40k hautatu zuten euskarazko katea. Asko ala gutxi den, konparaketa batzuekin erraz ikusten da neurria. Batetik, bederatzi urte ziren ETB1ek ez zuela halako audientziarik lortzen: futbola izan zen orduan ere, Real Madrilen eta Bayern Munichen arteko partida. Bestetik, %22ko audientzia ETB1en ohikoa baino 11 aldiz handiagoa da: %2 inguruan dabil, eta egon izan da okerrago.

Bi: 40. Datorren urtean beteko du ETBk krisien hasieratzat jo ohi den adina: 40 urte. Artxiboko bitxikeriekin osatutako saio berria jarri du martxan: Ez da posible. Halako saioek balio izaten dute memorian atzendutako irudi haiek gogoratzeko, edo urteak oharkabean nola doazen ikusteko, edo nostalgian itotzeko. Umetako eta gaztetxotako irudi eta soinu bandan daude Superbat, Dragoi Bola, Euskaraokea, Pottokiak, Fernando Amezketarra… Gaurko umeek eta gaztetxoek nolako irudi eta soinu banda izango ote dute gogoan hemendik 30 urtera?

Gaurko umeek eta gaztetxoek nolako irudi eta soinu banda izango ote dute gogoan hemendik 30 urtera?

Hiru: 70. Galtzaundik 2019an inkesta bat egin zuen eskualdeko 16-18 urteko gazteekin, eta datu argiak utzi zituen: %70ek adierazi zuten Interneteko telebista plataformak erabiltzen zituztela, batez ere Netflix. Bi urte joan dira ordutik, etxealdi luze bat, eta seguru portzentaje hori nabarmen handitu dela. Sekulako iraultza gertatu da urteotan ikus-entzunezkoen arloan: 2010eko hamarkadan, lurreko telebista digitalarekin, telebista kateen kopurua nabarmen areagotu zen, eta, azken urteetan, Interneteko telebista plataformek hartu dute indar handia.

Lau: 12.000. Netflix Euskaraz taldeak 12.000 sinadura baino gehiago bildu ditu, plataformari eskatzeko euskaraz ere jar ditzala edukiak. Euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa da, izan ere: 3.500 film baino gehiago daude Netflixen, eta euskaraz, lau. Ez da talde bakarra: Disney Plus euskalduntzearen aldeko talde bat ere ari da firmak biltzen.

Aldaketa handiak gertatzen ari dira ikus-entzunezkoen esparruan, eta berehala heldu beharreko gaia da: estrategikoa

Bost, lau, hiru, bi, bat... Aldaketa handiak gertatzen ari dira ikus-entzunezkoen esparruan, eta berehala heldu beharreko gaia da: estrategikoa. Urte gutxian hankaz gora jarri da urteetan eraikitako sistema, eta agerian utzi ditu premia larriak: ikus-entzunezkoen sistema arautzeko tresnak edukitzea eta baliatzea, adibidez, eta aldaketetara erne egotea. Euskararen ikuspegitik, izan ere, ikus-entzunezkoetan izandako aldaketak ez du eragin onik izan, oro har: erdarazko eskaintza areagotu da nabarmen, etxe euskaldun askotan egin du tokia, eta horrek eragina du hizkuntza indarberritzeko prozesuan, alderik alde. Nork helduko dio mandoari?

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!