Korrika 19 -2015-

Euskalhaldun, boteredun

Erabiltzailearen aurpegia Eider Olazar Elduaien 2015ko mar. 22a, 12:00

Hau irakurtzen dugunerako hasia izango da Euskal Herri osoa lasterka zeharkatzen duen, gauez ere gelditzen ez den, euskararen aldeko Korrika. «Ordaindu beharra gainera?» (kilometroa ordaintzen delako) esaten dute atzerritik begiratzen gaituztenek. Hala da bai. Laster iritsiko da gure eskualdera Korrika, ordu txikitan, baina berdin dio, hantxe egongo gara zain, petoak jantzita, barruak emozioz beteta.

Eta furgoneta gerturatu ahala aurtengo doinuek eta jendearen grinak bat egiten dutenean eragotzi ezineko malkoak irrist egin eta goizean goizeko makarra urtuko digu, bide batez. Nola azaldu Korrikak sortzen digun emozioa, indarra, poza... Ederra eta handia den zerbaiten parte sentituko gara, euskaldun izateaz harro sentituko gara.

Euskahaldun da aurtengoa leloa, ahalduntzea, boteretzea, norberaren gaitasunetan sinestea iradokitzen duena, feminismotik hartutako kontzeptua. Nahi izatetik ahal izatera igarotzea, egoera eragitera, eraldatzera pasatzea. Eta oso egokia iruditu zait, euskalgintzak eta feminismoak parekotasun handiak dituztela pentsatzeaz gain, euskaldunon ahalduntzea edo boteretzea beharrezkoa ikusten dudalako. Maiz gertatzen zaigu euskaldunoi lagun taldea elkartu eta nahikoa izaten dela batek euskaraz ez jakitea guztiok erdarara pasatzeko. Honen harira eta ahalduntzearen ikuspegitik oso interesgarriak iruditu zaizkit Amets Arzallusen hitzok: «Luzera begira kaltegarria iruditzen zait erdaraz dakien orori ateak ixtea, euskararen esparrura ez sartzera kondenatzen dugulako». Txikitasunetik eta barkamenetik baino gure ahalmenen sinesgarritasunetik egin behar dugula aurrera iruditzen zait. Gutxietsia dagoenari balioa eman eta parekotasunean kokatu. Hori da feminismoak egiten duen proposamena eta, hain zuzen, feminismoa indartsu, gihartsu eta ilusioa sortzeko gaitasunarekin ikusten dudan garaiotan euskalgintzari ekarpen garrantzitsua egin dakiokeela uste dut. Euskalgintzaren mezua zertxobait galdua ikusten dudan honetan euskara despolitizatu beharra, erakargarri egitea, bezalako ideiak nagusitzen dira, arazoa euskara berak balu bezala. Feminismoak ahalduntze pertsonaletik proiektu askatzaile baten parte izatea eman digun lez, euskaldunok ere antzeko ildoan kokatu beharko genukeela uste dut. Lorea Agirrek dio emakume izatea eta hiztun minorizatua izatea egoera paretsuak direla, hegemoniatik kanpo, periferian kokatzen direlako, hizkuntzaren eta generoaren botere harremanetan biak. Eta periferiatik erdigunera salto egitea, boteretzea, beharrezkoa dute biek. Justizia sozial kontua ere badelako. Ez da nire problema, ez da gure problema, jendarte osoarena baizik. Demokrazia gutxi edukitzearen ondoriozko arazoa da guztioi eskubide berdinak ez bermatzea. Jabetu gaitezen beraz, eta ahaldundu, boteretu gaitezen indibidualki baina modu kolektiboan.

Aurtengo Korrikan pixka bat gehiago ahaldundu eta boteretuko gara euskaldunok. Aiora Zulaikak dion bezala, ahultasunetik ez, ahaltasunetik, euskahuldun sentitzetik euskahaldun izatera pasako gara. Gora Korrika!

Erlazionatuak

Azkeneko Korrika txikiak egin dituzte

Tolosaldeko Ataria 2015 mar 27

Bidania-Goiaztik Ikaztegietara

Tolosaldeko Ataria 2015 mar 24 Tolosaldea

Korrikak ez du etenik

Tolosaldeko Ataria 2015 mar 23

Lekuko guztiak, iruditan

Tolosaldeko Ataria 2015 mar 21 Tolosaldea

"Egun hunkigarria da guretzako"

Tolosaldeko Ataria 2015 mar 21 Tolosa

Zerkausia, euskararen eta kulturaren lapiko

Itzea Urkizu Arsuaga 2015 mar 19 Tolosa

Eskolak hasi dira Korrikaren etorrera girotzen

Tolosaldeko Ataria 2015 mar 18

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!