Ikusezinak

Erabiltzailearen aurpegia

Nonahi daude, noiznahi, nornahi izan daiteke beraietako bat. Lanera joan aurretik kafea hartzera zoazenean, adibidez, pentsa ezazu, zu iritsi aurretik bera han izan dela.

Autobusera edo trenera sartzean ere, beste hainbeste. Lantokian, jatetxean, parkean, ospitalean, postetxean, kalean, ertzain etxean, harategian, udaletxean, elkartean, liburutegian, botikan… Toki horietan guztietan egon da zure aurretik, edo, agian, zurekin batera dago, eta ez duzu ikusten. Edo, gerta daiteke, zure etxean bertan egotea ere.

Daudenean ikusezinak dira; ez daudenean, ordea, orduan bai, orduan hasten gara euren gabezia usaintzen, ikusten, ukitzen. Garbitzaileak ezinbestekoak dira gaur egungo gurpil zoro honek behar bezala bira eman dezan. Enplegatu hauen erratzak, trapuak, zapiak eta askotariko espraiak enpresako makina eta ordenagailuak bezain garrantzitsuak dira. Euren lana nahitaezkoa da, gainerako beharginek euren egitekoa behar bezala burutu dezaten. Enpresako nagusiak, atezainak, administrariak, mekanikariak, sukaldariak, kazetariak, kirurgilariak… Denek behar dute garbitzaileak bere lana behar bezala egitea, prestutasunez eta duintasunez.

Duintasuna eta justizia, horixe bera eskatzeko, zortzi hilabete baino gehiago daramatzate greban, Gipuzkoako epaitegietako eta ertzain etxeetako garbitzaileek. Ikusezinak dira, ikusezinen artean ikusgaitzenak. Kale-garbitzaileen aldean jasaten duten soldata arrakala ezabatzea nahi dute. Izan ere, eraikin judizialetako beharginek kaleko garbitzaileek baino %7 gutxiago irabazten dute, eta polizia etxeetakoek %13 gutxiago. Esan gabe doa, grebalarien gehiengoa emakumeak direla. Bada, azken zortzi hilabete hauetan, egunero-egunero protestan ari diren pertsona hauek guztiak ikusgaitz bihurtu dira, jaurlaritzaren Justizia Sailarentzat.

Azkeneko hamar urteetan soldata berbera jaso dute eta, egoera horren aurrean, planto egin dute. Berrehun eta berrogei egun baino gehiago daramatzate euren lantokietara joan gabe, baina, euren eskubideen alde etengabe lanean, gaur hemen eta bihar han, pankartaren atzean. Ia haurdunaldi batek adina, euren buruari zer gertatuko den galdetuz; zortzi hilabete baino gehiago, lorik egin ezinda, barrenak jaten… Urtaroak badoaz, eta grebalariek aurrera egin beste erremediorik ez dute. Aurrera, adorez eta tinko.

Zaborrak pilatzen ari dira, zikina zikinaren gainean; hautsak hautsa dakar. Zentzunak ikusi nahi ez duena sudurrak antzematen du, kiratsa begi-bistakoa bihurtu da komisaldegi eta auzitegietan. Justizia begiak zapi batez estalita dituen emakume baten gisa irudikatu izan da; zapia begietatik sudur parera jaitsi da. Bada, ea begiak irekitzen dituen eta ikusezinak ikusten dituen. Animo Garbialdiko langileoi, eutsi!

Tolosaldeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jasotzea nahi duzu?

Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!