BASO ERTZETIK

Tamainak garrantzia du

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2021ko mai. 25a, 07:58

Sasoi honetan badira hiruzpalau hegazti gurera habiak egitera etortzen direnak eta mitxigu edo hormatxori izenez ezagutzen ditugunak. Izen honen arrazoia oso nabarmena da, mitxiiii! bezalako zarata ateratzen dute eta beraien habiak teilatupeko hormetan egiten dituzte, egia esan, euskaldunok animalien izenak asmatzen ez dugu energia handiegirik gastatzen.

Mitxigua edo hormatxoria ez da hegazti baten izen zehatz bat, ezaugarri nahiko antzekoak dituzten, eta garai berean datozen, hiru hegaztiri esaten diegu orokorrean mitxigu edo hormatxori: enarari, enara azpizuriari eta sorbeltzari.

Mitxiguetan famatuena eta ikertuena enara da (Hirundo rustica), hegazti beltza, hegalen gainalde urdinarekin, sabelalde zuriarekin eta buru aurrean kopeta gorriarekin. Hegazti oso polita eta uda hasieran datorrena gurera. Nire ikasle garaian, oporrekin lotzen nuen hegaztia zen, udako oporrak iristear agertzen baitzen eta opor guztietan zehar egunero beraien kantua entzuten bainuen. Baina, bizidun guztiek bezala, hegazti eder eta xalo honek badu alde ilun bat, oso ezezaguna dena eta naturaren dibulgazioaren txoko xume eta txiki honek kontatuko dizuena.

Jendearen ustetan, enarak, betirako bikotekidea topatzen duten hegaztiak dira eta urtero, leku berdinera etortzen omen dira bikote berarekin habia egitera, gure negua eremu beroagoetan pasa ostean. Aldare askotako monologoetan, ehunka urtetan erabili da enararen irudia, ezkonberrientzako adibide modura, bikotearen betirakotasunaren ordezkari bezala… biologoak esku hartu zuten arte.

Jendearen ustetan, enarak, betirako bikotekidea topatzen duten hegaztiak dira

Enara izan da Europa mailan gehien ikertu den hegaztia zeren bikotekidea bilatzeko modua nahiko berezia eta sinplea du. Enara arrek isatsa luze eta ikusgarri bat dute, emeentzako oso erakargarria dena. Enaren mundua sinplea da, isats luzeena duen arrak eme gehiago lortzen ditu, eta kito, isats luze eta simetrikoa, arraren osasun eta ugalkortasunaren erakusgarri da. Baina biologoen taberna zuloetan, betidanik egon zen susmoa enara bikoteak ez zirela betirako eta enarek maiz aldatzen zituztela bikotekideak. Hau da, ez zirela inori adibide emateko jaioak. Izan ere, enara arrak oso lurraldekoiak izan ohi dira eta beren emea ongi zaintzen dute, zergatik ote? Egun batez, biologo talde batek, enara populazio bat hartu eta urte askotan zehar ikertu egin zuen, ale bakoitzari eraztun bat jarriz, nortasun agiri baten moduan. Honela enarak banan-banan identifikatu zituzten eta bakoitzaren bizipenak urte askotan zehar erregistratu ziren. Eta benetan datu interesgarriak lortu zituzten.

Ikusten denez, ugal sasoian arrak neskatan hasten ziren. Ongi elikatutako enara ar osasuntsu eta indartsuenek, bular zuri eta isats handia eta simetrikoa garatzen zuten eta emeei etengabe erakusten zieten airean bueltak emanez. Behin eme batek ar bat aukeratzen zuenean, bien artean arrak aukeratutako pareta batean itsatsita habia bat egiten zuten, inguruko lokatza eta lasto zein belarkiekin egindako nahasketa betekin. Eta hemen hasten da festa.

Ikusten duzuenez, isats laburreko arrek zeregin gutxi zuten mundu anker honetan, biologo hauek ordea, froga bat egin zuten. Isats laburra zuen ar bat harrapatu zuten eta zenbakia zeukan eraztun batekin identifikatu zuten: RS445678X, guk ulertzeko Jexuxmai deituko diogu enara honi. Jexuxmaik itxura batean isats labur horrekin, ez zuen enaren munduan inolako aukerarik emea topatzeko. Jexuxmai, larunbat gauetan goizeko seiak arte barran geratzen zen horietakoa zen, Jexuxmai exkaxa deitzen zioten enaren kuadrilletan. Biologoek ordea, Jexuxmairi plastikozko enara itsas luze eta eder bat ipini zioten, sekula enaren munduan ikusi zen isats luzeena... eta gertatzen zena behatu zuten.

Isatsak emandako konfiantzagatik edo, gure Jexuxmai enara emeak erakartzeko dantzan hasi zen eta berebiziko arrakasta izan zuen, gure Jexuxmai dantzalekuko erregea zen! Eme ugarirekin ugaldu zen, habi asko egin zituen eta hau gutxi balitz, gure Jexuxmai handiak, bereak ez ziren habietan ere kumeak zituen, habietako beste arrek ezer jakin gabe! Pelikuletan gauean etxeetan sartzen diren beltzez jantzitako soldadu baten antzerakoa zen Jexuxmai isila eta eraginkorra, isats berria zuen eta inork ez zuen geldituko. Gainera, enara eme askok, Jexuxmaitaz liluratuta, beren arra eta habia utzi eta gure Jexuxmai handiarekin habia berriak egin zituzten, beren habia zaharrak beste arraren kargu utziz.

Baina egun batean, gure Jexuxmai handiaren urrezko aroa amaitu egin zen. Bere plastikozko isatsa lotzen zuen pegamendua, udako beroarekin urtu eta bere isats ederra erori zitzaion. Hurrengo urtean isats laburreko Jexuxmai exkaxa izan zen berriro eta ez zen batere ugaldu, emeak jada ez zioten kasurik egiten, jada ez zen erakargarria.

Animalien munduan mota honetako adibide mordoa ditugu, arrek beti zerbait erakusten dute beren osasun eta kalitatearen erakusle moduan, oreinen adarrak, indioilarren isatsa, igelen kantua, gizakien belaunaldi berriko mugikorra...

Eta badakizue, udako sasoi honetan enarak ugari direnean, zure etxeko paretan enarak baldin badituzu, begiratu ea baten bat burumakur eta triste antzera topatzen duzun, ziur Jexuxmai dela, isatsa zuen garaiak gogoratzen ariko da, biologoek harrapatu eta isats liluragarri hura ipini zioten urte hura, amets bat izan ote zen galdezka. Nire kuadrillako batek dioen bezala: «Bizie gorra dek!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!