BASO ERTZETIK

Jolaserako jaioak

Erabiltzailearen aurpegia

Nire hiru urteko alabatxoa, jolaserako bizi da. Ohetik altxa eta lehen gauza «atte, goazen jolastera!» esaten dit. Bazkaldu ere ti-ta batean egiten du ahal den azkarren jolastera joateko. Gauean, lotaratu nahi ez duenean arrazoi oso garrantzitsu bat duelako da: jolastu egin nahi duelako. 

Gauaren erdian goizeko ordu txikitan esnatzen bada ez da egarri delako: jolastera joan nahi duelako da. Beste haur batekin topatzean ez diote eguneko gorabeherarik elkarri kontatzen, zuzenean jolasten hasten dira. Eskolan txokoak dituzte, eta nahiz eta Etxearen txokoa, Zenbakien txokoa edo Eskulanen txokoa bezala izendatu, guztiak jolaserako txoko kamuflatuak dira. Jolasaren merkatu beltza.

Jolas mota ugari egiten ditu nire alabatxoak. Zirkuluan lasterka garrasika ibiltzea bezain librea, edo puzzle bat egitea bezain jolas itxia, eta zenbaitetan, besteen eginkizunak egiten diren jolas dramatikoak, hala nola sukaldari, mekaniko edo irakasle izatea. Munstroa, mamua, dinosauroa edo bestelako izaki handiarena egitea ez du atsegin, hori nik egin behar dut, ez dakigu zergatik.

Hau ikusita, badirudi guztiz beharrezkoa dela jolasa gure espeziean. Baina soilik gizakiak jolasten al du? Ez noski, gizakia ez da jolasten duen animalia bakarra, txakurrek ere jolasten dute, katuek ere bai, Afrikako sabanan lehoiek ere jolasten dute eta baita elefanteek ere. Jolasa ez da soilik gizakiarena, beste ugaztunetan ere ikusten da. Eta hegaztiek jolasten al dute? Eta arrainek? Nork daki! Agian gu bezalako ugaztun garatuen begietatik ez da erraza jolasaren kontzeptua arrain batean ulertzea, agian arrain kume batentzat isatsa bi aldiz mugitzea jolas dibertigarri bat da. Eta xoxo kume batek habia inguruan ematen dituen saltotxoak? Agian jolasa da ere berarentzat!

Baina soilik gizakiak jolasten al du? Ez noski, gizakia ez da jolasten duen animalia bakarra

Kaleko jende arruntarentzat, jolastea zerbait xarmagarria eta txikitako une zoragarriak diren arren, biologoentzako, jolasa energia galera handi bat da; bai biziduna berarentzat eta bai ingurukoentzat.

Bizidun oro benetako aditua da energia aurrezten, energiarik gabe geratzean hil egin baitaiteke edo ugaltzeko «gogorik gabe» geratu. Beraz, milioika urtetan, izaki bizidunak energia aurrezteko berebiziko adituak bihurtu dira, beraien gorputza eta jokabideak energiaren aurrezpenerako egokituz. Orduan, zer egiten du nire etxeko primate txiki horrek egunaren hemezortzi ordu jolasean, bere eta ingurukoen energia guztia xahutuz? Jolasa guztiz garrantzitsua delako kumeen garapenean.

Ez da denbora eta energia galera alferrikako bat; jolasak, gure primate txikiei etorkizunerako abileziak garatu eta entrenatzen laguntzen die, jolasaren energia-gastua, inbertsio bat da, ez energia-galera bat!

Gure kumetxo primateek etorkizunean gurasoengandik urrundu eta beren bidea egin beharko dute, bide hori ordea ingurune arrotz batean izango da, askotan ingurune oso latz batean. Ingurumen latza diot, Europako gizaseme zuri eta ongi elikatutako baten sofatik begiratuta, noski. Galdetu zer den 'ingurune latza'-ren definizioa, Siberiako negua urtero igarotzen duen gizaseme-alabei.

Kumetxoek, etorkizunean biziko diren inguru latz hau, aurrez ezagutu egin behar dute, inguru honetan sortzen diren zailtasunak identifikatu, esperimentatu, akatsak egin eta hauei aurre egiteko erabaki egokienak hartu. Jakintza hau ez dator jaiotzetik, abilezia batzuk behar dira eta jolasaren bidez entrenatzen dira abilezia hauek. Ez da gutxi jolasak erakusten diguna!

Noski, gure primate txikien jolasa ez da Excel bat ireki eta taula bat osatzea edo errentaren aitorpen simulazio bat egitea, gure primate txikiek, orain milioika urteko primateen jolasak egiten dituzte. Gogoratu gure zerebroa oraindik, Afrikako sabana erdian gosea pasatzen zuen primate arraro batena dela eta horregatik, primate haren jolasak egiten ditugula. Zuhaitzetara igotzeko lehen saiakerak, eremu berriak esplorazio bidez ezagutzea, harrapakariengandik ihes egiteko lasterketan egitea, tramankulu ezberdinak frogatzea eta nola ez, ingurukoek egiten dutena imitatzea.

Gure txikien jolasaren zati handi bat da ezkutaketan egitea, harrapari baten erasotik ezkutatzen ariko balira bezala, txoko batean gorde eta isil-isilik geldirik. Edo harrapaketetan jolastea, ihes egiteko senak bultzatuta. Gauean ohera mamu eta munstroak etortzen dira, gaueko harraparien arriskuez jabetuko balira bezala. Babeslekuak eraikitzea garrantzitsua da, horregatik horrenbeste ordu eraikuntza jolasetan «txabolak egiten». Inguruko espazio eta bizidunak ere ezagutu egin behar dira, hauetatik lortuko baitituzte elikagai eta lehengaiak, horregatik jolasten dira «animalietan», animalien ohiturak eta ibiltzeko moduak imitatuz eta ezagutuz, etorkizun batean hauengandik ihes egin edo ehizatzeko. Bizitzarako entrenamendu bat da jolasa. Horregatik ezinbestekoa da jolastea eta haurrak berez dakar jolasa, bere geneek «egin zank jolas!» diote.

Zoritxarreko bizimodua daramaten duten haurrek ere jolastu egiten dute. Nork ez du ikusi gerrak txikitutako hiri batean, eroritako eraikinen artean haurrak jolasean? Miseria borobilenean ere jolasa loratu egiten da, arnasa hartzea bezalaxe behar bat delako haurrentzat.

Baina non jolasten dute gure primate txikiek gaur egun? XXI. mendeko plastiko hori, urdin eta gorrizko jolas itxiko eremuek asetzen al dituzte gure primate txikien jolas beharrak? Primate txiki batek beharrezkoa al du txirrista batetik jaistea, kolunpio batean tilin-talan ibiltzea edo animalia baten forma duen eserleku baten gainean aurrera eta atzera ibiltzea?

Jolasa gure geneetan baldin badago, nahikoa da ateak ireki eta askatasuna ematea jolasari, berez aterako da. Txirrista bat dibertigarria dela ezin uka, ordu mordoak igaro ditut txirrista batean. Baina etxola bat eraikitzea baino dibertigarriagoa al da? Zerk entrenatzen du gehiago gure primate txikien garuna, hiru segundoz plastikozko malda batetik jaisteak behin eta berriz edo lagunen artean lau makilekin etxola bat egiteak?

Agian jolas eremuak ez lirateke egon behar, denak balio baitu jolasa egiteko. Edo agian jolas eremuak, ikasteko eremu ere izan beharko lukete, askoz ere zabalagoak, elementu zehatzik gabe. Azken batean, jolaserako gonbidapen eremuak eta ez jolas itxi batera behartzen duten eremuak. Eta tarteka harrapari baten mehatxua sartzen bada, hobe!

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!