BASO ERTZETIK

Gaztainondoak ezkurrak ematen ditu

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2021ko urt. 16a, 10:58
Artxiboko irudia, haurrak baso-eskolaz disfrutatzen. ATARIA

Gaztainondoak ezkurrak ematen ditu», esan zuen zazpi urteko mutiko begi urdin hark. Mutiko hura ez zen beste herrialde batekoa, mutiko begi urdin hura Gipuzkoa barrualdeko herri txiki batean jaio eta hazi zen eta ehun eta hamar abizen euskaldun zituen. Mutiko begi urdin hura gaztainondo eta haritzez inguratuta bizi zen… baina ez zituen gaztainondo bat eta haritz bat elkarrengandik bereizten.

Mutikoaren herri txikiak 600 biztanle inguru zituen, bere etxea, ingurune natural paregabe baten erdian zegoen. Inguruan ehunka baso, larre eta mota ezberdinetako bizidunak. Goizero oilarren kantuek esnatzen zuten mutikoa, eskolara bidean hamar zuhaitz espezien azpitik igarotzen zen, bidean bost intsektu espezie pasatzen ziren bere aurpegi aurretik eta hogei hegaztiren kantuak entzunez iristen zen eskolara. Baina mutikoak bidean zuhaitz bakar bat ikusten zuen, kasualitatez «txori» baten kantua entzun zuen eta bere begien paretik ez zuen intsekturik igarotzen ikusten.

Arraroa dirudien fenomeno hau, oso ohikoa izan da hiriguneetako haur, gazte eta helduen artean eta gaur egun alfabetizazio berdearen eza deritzo. Nahaste honek, balio naturalen aurreko interesik eta ikuspegirik eza dakar; arrazoia, naturarekin erabat deskonektatuta dagoen gizarte batean bizitzea.

Oso ohikoa izan da hiriguneetako pertsonen artean; eta 'alfabetizazio berdearen eza' deritzo gaur egun

Hiriguneetako biztanleriaren artean arrunta eta neurri batean ulergarria izan daiteke. Kezkagarriena, ordea, zera da, herri txiki eta baserri giro oso euskaldunetako haur eta gazteengan ere fenomeno hau ematen dela. Galdetu bestela zuen etxeko txiki eta ez hain txikiei ea hamar zuhaitzen izenak esaten ba al dakiten... eta hamar zuhaitz hauetatik, zenbat identifikatzeko gai diren.

Nabaria da, naturaren jakintza eta ikusgarritasuna galtzen joan dela belaunaldiz belaunaldi. Gure aitona-amonek naturarekin zuten harremana askoz ere estuagoa zen. Izan ere, garia noiz erein, noiz bildu, abereen maneiua edo ehizatzeko garaiak jakitea ezinbestekoa zen familiaren biziraupenerako.

Ene amona maiteak dio, urte batean Altzon, berau oso txikia zela, maiatzean elurra egin omen zuela eta galsoro guztia elurrak estali omen zuela. Oraindik gogoan omen du baserri aurreko galsoroa elurrez txuri eta gari guztia elurpean etzanda, bere ama atarian negar batean zela. Egunean zehar elur hura segituan desagertu omen zen, baina egun oso batean gosearen mamua egon zen dantzan, hamar seme-alaba zituen Altzoko baserri xume hartako etxeko sukaldean, garirik ezean jateko ezer ez ahoan.

Gaur egun galdetu gure txikienei zer den garia, noiz erein behar den edo maiatzean elurra egitea ona ala txarra ote den. Zorionekoak gaur egun ez dugulako eguneroko eguraldiaren menpe egon beharrik eguneko janaria lortzeko.

Ez da harritzekoa beraz, lehengo belaunaldiek urtea zeruari, ilargiari, hegaztien hegaldiei, letxugen zomorroei, gariaren koloreari eta udazkeneko soinuei adi arratsaldeak pasatzea. Naturan bizi ziren eta ezagutu egiten zuten.

Gaztainondoek ezkurrak ematen zituztela ziur zioen mutiko begi urdin honek, egunaren gehiengoa ikasgelan igarotzen du, zementuzko patiora irteten da eta arratsaldea, plastiko urdin, hori eta gorria den parkean igarotzen du... Berarengandik ehun metrora, animalia, landare eta natur baliabidez jositako eremu zoragarri, dibertigarri eta ikusezin bat duela kontuan izan gabe.

Mutiko begi urdin hura egun batean ikastetxeko bere gelan sartu da eta irakaslearen alboan emakume berri bat ikusi du, baso eskolako teknikaria omen da. Irakasleak, emakume hura aurkeztu die, biologo bat dela dio eta berarekin eguna ikastetxetik hamar minutura dagoen basoan igaroko dutela, egunari baso-eskolako eguna deitu dio irakasleak. Baso hura beti egon da hor, baina noski, ikusezina zen ikasle eta hauen gurasoen begietara.

Tipi-tapa basora iritsi dira eta mutiko begi urdinak asfaltoa zapaltzeari utzi eta belarra zapaldu du, apur bat bustia dago, irregularra da eta lokatz pixka bat dago. Bezperan gurasoek erosi zizkioten mendirako zapatilak lokatzaz zikindu ditu, ene bada! Oinetakoak lokatzarekin zikinduta!

Hamar pauso eta basoan barneratu da, zuhaizpean ilun dago, zuhaitzen adar okerrek zerua estaltzen dute. Landare misteriotsu ezberdinak ikusten ditu nonahi oinetan kili-kili eginez, xomorro higuingarri mordoa dago eta hau gutxi balitz, txoritxo txiki ezezagun bat igaro da guztien gainetik, «Txio!» mehatxugarri bat eginez. Ikasleak izuturik daude.

Biologoak lurrean esertzeko esan die, inongo aulki edo plastikorik gabe! Eta arrisku guztien gainetik, biologo zoro hura lurrean eseri da. Ostean, inongo eskularru eta segurtasun neurririk gabe, mota guztietako landare eta xomorroak hartu ditu eskuekin, ikasleei banan-banan gertutik erakutsiz, ukitzera gonbidatuz, izaki haien istorioak kontatuz… Mutiko begi urdinak ez zekien zizare eta kakalardo baten bizitza hain interesgarria izango zenik! Mutiko begi urdinak hamar minututan, mundu berri bat deskubritu du: zizareak hermafroditak dira, haritzak ezkurrak ematen ditu eta «xomorro» guztiak ezberdinak dira!

Biologoak ikasleei altxatzeko eta basoa esploratzeko gonbita luzatu die. Mutiko begi urdina altxa egin da, eskuak eta ipurdia garbitu ditu, ez daki nora jo, ez dago txirrista edo jolasteko ezer, ez daki zer egin. Bat-batean zoruan makil bat topatu du eta lurrean sartu du, basoko txabola baten lehen zutabea ipini du. Gero harri gehiago hartu ditu eta etxetxo bat eraiki du lagunetik, etxetxotik aurrerago lokatzezko txirrista dibertigarri bat eraiki dute eta ostean inguruko zuhaitzen adarretan zintzilikatuz kulunkatu dira. Lokatzarekin txokolatea egin dute eta putzu bat aurkitu dute zapaburuz beteta.

Guztiak leher eginda eta egun dibertigarri bat igarota, basoari eskerrak eman dizkiote eta gelara doaz, mela-mela eginda, lokatzezko aurpegian irribarre batekin. Esploratzaileak, tximinoak, arkitektoak, txirrista-sortzaileak, animalia adituak, landarezaleak… horiek guztiak izan dira egun bakarrean.

Plastikozko parke, hori, gorri eta urdinaren albotik igaro dira, inork ez dio kasurik egin, beraien burua hurrengo egunetan basoan egiteko dutenaz pentsatzen daude, analfabeto naturalak izaten jarraitzen dute, baina atzo baino gutxiago, eta gutxi dirudien arren… bada zerbait.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!