Gaueko animalikeriak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2017ko mar. 18a, 10:56

Badira animalia batzuk goiztiarrak direnak eta besteak gautarrak. Gu, larunbat gauak kenduta, animalia goiztiarrak gara, beraz, gure egunerokoan ere beste animalia goiztiarrekin topatzen gara. Hala nola, errepide alboko belardian dagoen zaldiren batekin edo gure autoaren gainekin igaro den bele beltz batekin, ezer gutxi gehiago, etxe atariko katu zaharrak kenduta. Bai, gure eguneroko bizi urbanita animali interesgarriz josita dago!

Baina gure eguzki maitea atzeko mendian ezkutatu eta ilargi anderea agertzen denean, gaueko animalien unea iristen da. Eta zein animalia da gautarragoa gure hontzak baino? Hontza deitzen diogu, begi handiak dituen eta gautarra den hegazti buru borobil orori... berdin du, hontz zuria izan, hontz handia, urubia edo mozoloa, denak dira hontzak.

Auto guztiak «kotxeak» diren bezala eta futbolari guztiak «fubolixtak» diren antzera. Ba ene irakurle maiteak, hilabete honetako ekokulturaren txoko xume honetan, gure hontzei buruz apur bat gehiago ikasiko dugu. Eta ea hontz bakoitzari dagokion izen-abizena ipintzen diogun behingoz, bestela pilotari guztiei «Artola» deituko diegu eta kitto! Hontzen munduan sartzen lagunduko digun lehena, hontz handia da (Bubo bubo), Europan dugun handiena, ia hiru kiloko hontza puska, oso erraz ezagutu daitekeena buru gainean dituen belarri edo adar itxurako bi lumagatik eta bere oin lumadunengatik.

Europan ugaria den arren, gurean nahiko eskasa da, izan ere, gure Gipuzkoa maite honetan oso zaleak gara gauez hegan dabilen harrapari handi oro tiroz botatzen. Hontz handiaren kantua identifikatzea oso erraza da, edozein haurri, «Hontzak nola egiten du?» galdetzen diogunean erantzuten digutena da: «uh-uh», hontz handia da beraz, buruan sartuta dugun hontz ohikoena. Bigarrena, ez hain ohikoa eta benetan atsegin dudana, hontz zuria (Tyto alba) da, zenbait lekutan eliz-hontza ere deitzen zaion arren, gazteleraz Lechuza deitzen zaio. Izenak dioen bezala, nahiko zuria da, benetan bitxia da gau beltzeko harrapari baten kolorea zuria izatea, ezta? Aurpegia erabat zuria du, bi begi beltzekin, bizkarraldea urre kolore politekoa, eta mamu itxura hartu izan diot betidanik. Ez da batere esperientzia ona, gaueko ordu txikitan bost urteko biologotxo bat zarenean, leihoaren pare-parean honelako animalia bat zuri begira ikustea.

Horrelakoxea zen Altzo azpiko biologo txiki baten bizitza basatia. Hirugarren postuan, hontza txiki batekin gatoz: Urubia (Strix aluco). Nahiz eta batzuk baso-hontza, txorisorgina edo gautxoria deitu ere. Nahiko zaila den arren ikusteko oso arrunta dugu gure basoetan. Txikia da, ez da kilo batera iristen eta marroia denez, oso ongi kamuflatzen zaigu, eta hontz handiak ez bezala, urubiak ez du belarri itxurako lumarik. Negu bukaeran eta udaberri hasieran kantuan hasten da, eta izenak dioen bezala «uru-uru» eginez, bai, urubiak bi «uru» egiten ditu… zeinen polita den euskal hegaztien izendegia!

Eta azken hontza, zuen garunak gehiegi berotu gabe, beste animalia baten izena duen hontz bat dugu: Apo hontza (Otus coops). Benetan hegazti xelebrea da, begira jarriz gero enbor baten itxura ematen dion lumak baitauzka eta enbor batean badago, oso zaila da bereizteko. Belarri handi itxurako lumak ditu buruan ere eta aurpegiari forma arraroa ematen dio, begira jarriz gero erabat haserre dagoela ematen baitu. Zuhaitzetako zulo zalea dugu eta nahiago ditu zuhaitzez jositako baso itxiak, nahiz eta hirietako zenbait parketan topatu dezakegun, hala ere gurean ugaria den arren, mediterraneo zalea dugu apo-hontza, ez dakit hau ere Salou aldera joango den. Bere izenarengatik, erabat apoak janez bizi dela dirudien arren, gehienbat intsektu jalea da, nahiz eta noizbehinka igel eta ugaztun txikiz elikatzen den. Nork egingo dio ba muzin apo eder bati? Benetan jaki leuna, osasuntsua, grasa gutxikoa eta zaporetsua izan behar du apoak saltsan!

Eta hauxe izan da gurean ditugun hontzen errepaso txiki txiki bat, animalia ezagun eta ezezaguna ditugu aldi berean, baina nola ez, bizidun oro bezala, oso interesgarriak. Interesgarria ere orain gutxi atera den web orri berria, Asier Sarasuaren (@asarasua) txoriak.eus. Euskal Herriko hegaztien izendegia da, gurean ditugun hegazti espezieek euskaraz dituzten izenen bilduma benetan ederra, altxor kultural bat guretzako eta oso erabilgarria edozertarako. Web orri berri honekin eta euskalnatura.net orrialdearekin, badugu zer ikasi eta zer kontatu gurean. Aupa zuek!!!!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!