Ongi etorri zirku eskolara

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Telleria Sarriegi 2021ko aza. 6a, 11:10

Boladan dago zirkua, eta geroz eta gehiago dira zirku eskolak eta ikasleak. Diziplina ezberdinak lantzen dituzte, eta adin guztietako jendeak egin du urratsa —emakumezkoak dira gehienak—. Zilipurdi bat eman nahi diote zirkuaren orain arteko iruditeriari, eta ikasketan zegoen «hutsunea» bete. Gernikako Txitatoki eta Adunako Zirkuola dira horren adibide.

Malabarismoak ez dira berez sortzen. Soka gaineko oreka landu egiten da. Akrobaziak eraiki. Han goiko oihalaren korapiloak estutu. Sarerik gabe aritu. Zilipurdiak zilipurditu. Trapezioaren bertigoa eraitsi. Emozioak eszenatokian erantzi. Sudurrari gorria erantsi. Eta zirkua ikasi.

Bai. Ikas daiteke zirkua. Geroz eta gehiago dira eskolak, eta geroz eta gehiago ikasleak. Boladan dago zirkua. Zirkua ez baita zirkua bakarrik. Ez orain arte ezagutu dugun zirkua bakarrik. Zirkua bai baita diziplina arteko elkargunea, sentimenduak adierazteko bidea, frustrazioei eta beldurrei aurre egiteko tresna, araurik eta zurruntasunik eza, eta adinik gabeko jarduna. «Gure tailer batera 80 urtetik gorako gizon bat etorri zen behin. Konturatu nintzen ezkutatu egiten zela. Harengana joan nintzen, eta galdetu nion: 'Laguntza behar duzu?'. Erantzun zidan: 'Ez, ez, diaboloarekin jolasten ari naiz, zeren mordoa gustatzen zait. Etxean badut bat, baina gaztea nintzenean nesken jolasa zenez, lotsa ematen dit'. Hantxe zegoen gizona ezkutatuta. Truko pare bat irakatsi genizkion, eta pozarren gelditu zen». Elsa Pamparacuatrok apurtu du adinaren tabua. Txitatoki Urdaibai zirku eskolako kideetako bat da bera.

Gautegiz-Arteagako (Bizkaia) baserri zahar bateko kortan abiatu zuten proiektua Keko Salvadorrek eta Pamparacuatrok berak, 2014an. «Ate magiko bat ireki genuen, bai fisikoki eta bai metafisikoki ere, ate zoragarri bat: antzinako kortaren atea», kontatu du Pamparacuatrok. Auzolanean eraiki zuten hura, eta sekulako onarpena izan zuen herrian, eta inguruetan. Txiki gelditu zitzaien, eta Gernika-Lumora (Bizkaia) aldatu ziren. «Eztanda baten modukoa izan da. 50-60 ikasle genituen lehen, eta ia 250 ikasle gara orain. Urdaibaiko herri guztietatik eta urrunagotik ere badatoz. Eta sinesten dugu benetan zirku eskola bat dugula».

Adina ez da oztopo, eta maila ere ez: norberak jartzen dio neurria egin nahi duenari. Lan ildo asko dituzte Txitatokin. Badaude psikomotrizitatea landu nahi dutenak bakarrik, badaude zirkua eskolaz kanpoko ekintza gisa bizi dutenak, badaude jarduera profesionalera bideratutako tailerrak eta ikastaroak, eta laborategi bat ere bai zirkuari buruz hausnartzeko. Hazitoki izeneko ekinbide bat ere badute behar bereziak dituzten pertsonentzat. Pamparacuatrok musika eskolekin konparatzen du zirku eskolen jarduna: «Musika eskoletara ere adin eta helburu ezberdinetako jendea joaten da. Profesionalki aritu nahi dutenak dira batzuk; besteek plazer hutsagatik ikasten dute musika. Hori zen gure helburua. 3 urtetik hasi eta 50 urterainoko ikasleak dauzkagu, eta gehienak emakumezkoak dira».

Adierazpen fisikoaren eta artistikoaren mugetan dabil dilindan zirkua. Eta bakoitzak bere tokia topatzen du. Hori dio Pamparacuatrok: «Fisikoaren eta artistikoaren arteko marra oso fina da: sentimenduak daude batetik bestera. Batzuk fisikoa lantzera datoz bakarrik, baina euren arlo artistikoa topatzen dute bat-batean».

Jarraitu Berrian irakurtzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!