Goizeko hirurak arte ireki ahal izango dira ostatuak bihartik

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2021ko ira. 17a, 11:38

Kirol jarduera eta antzekoetan gehienez barrualdeetan 1.500 lagun batu ahal izango dira, eta 1.800 kanpoko jardueretan. Ostalaritzan %75eko jarduera onartuko da barruan, eta barran ezingo da kontsumitu.

Bilera egin du gaur Labi Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hemendik aurrera izurriaren kontra zer neurri hartu beharko diren ebazteko, eta gaueko aisialdia luzatzea erabaki du: goizeko hirurak arte zabaldu ahal izango dira ostatuak. Kultur eta merkataritza jardueretarako ere ordu hori bera izango da muga.

«Bihar sartuko da indarrean dekretu berria», iragarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. Hiru motibo nagusi eman ditu, neurriak arinduta, «trantsizio» egoera bat abiatzeko. Baga: txerta daitezkeen herritarren %85ek txertoa hartuta, arindu egin da izurriaren larritasuna. Biga: ZIUetan eri gutxiago daude orain, eta «beherakoa» da joera. Higa: hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua ere apalagoa da orain: 150 kasukoa. «Aurreko Labiren bileran baino ia berrehun puntu gutxiago». Horiek horrela, izurria «egoera ezberdin» batean dagoela esan du.

Oinarrizko prebentzio neurriei eutsiko zaie: maskara erabil behar da, adibidez, toki itxietan jendea elkarrengandik gertu dagoenean. Kirol jarduera eta antzekoetan gehienez barrualdeetan 1.500 lagun batu ahal izango dira, eta 1.800 kanpoko jardueretan. Ostalaritzan %75eko jarduera onartuko da barruan, eta barran ezingo da kontsumitu. Toki itxietan zortzi laguneko taldeak onartuko dira; kanpoko aldeetan, hamabikoak. Txoko eta antzekoetan antzera jokatu beharko da. Dantzaleku eta antzekoetan %50eko jarduera onartuko da, eta debekatuta egongo da barran eta zutik kontsumitzea. Gazteen lokalak irekitzea onartuko da 16-29 adin tartean gazteen %85 txertatuta daudenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!