ELKARRIZKETA

«Astebete itxaronda, on egin diot neure buruari»

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander de la Hoz 2021ko uzt. 28a, 17:59
Jon Urbe / Foku / Berria.eus

Bi hilabete eta erdi geldirik egon ostean, Erik Jaka «ziurtasunez» itzuli da lehiara. Xabi Tolosa kidearengan «konfiantza handia» duela nabarmendu du.

«Erabat osatu artean» zain egon da Erik Jaka (Lizartza, Gipuzkoa, 1994) Baikoko aurrelaria, baina «ondo» sentitu da kantxara itzultzerakoan. Joan zen igandean jokatu zuen perikarditisa diagnostikatu osteko lehen partida, Gatikan (Bizkaia), eta Caixabank Mastersean lan ona egiteko prest da. Atzo, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan omenaldia egin zioten, 2020ko Buruz Buruko txapelketa irabazteagatik. Han izan zen Jokin Altuna egungo txapelduna ere.

Bi hilabete eta erdiren ostean, kantxetara itzuli zinen igandean. Nola sentitu zinen?

Esperientzia guztiz positiboa izan zen. Ziurtasunez joan nintzen, perikarditis arazorik izango ez nuela jakinda. Joko aldetik ere nahiko ondo sentitu nintzen. Agian, erasoan falta zait betiko puntura ailegatzea, baina partidak jokatu ahala hartuko dut. Nahiz eta 22 tantora iritsi ez eta horren pena dugun, gustura nago egindako lanarekin.

Caixabank Masterseko lehen jardunaldiari uko egin zenion, «erabat osatu artean» itxarotea hobe zela iritzita. Erabat osatuta zaudela frogatu zenuen Gatikan?

Hori da. Aurreko astean, aritu ala ez pentsatzen egon nintzen, eta azken entrenamenduetan ikusi nuen oraindik zerbait falta zitzaidala baldintza onetan jokatzeko. Uste dut astebete itxaronda on egin niola neure buruari. Igandean ikusi nuen oraindik ere erasorako orduan automatismoak hartzea falta zaidala, baina guztiz normala da hori. Neurketekin helduko da.

Partidaren aurretik, kezkarik ba al zenuen?

Kezkak edukitzea normala da. Bi hilabete eta erdi geldirik egon naiz, eta entrenamendu asko egiteko denborarik ere ez dut hartu. Beti izaten dituzu zalantzak nola erantzungo duzun, batez ere joko aldetik. Azken batean, torneo batean sartzen zara, ez lagunarteko partida batean, eta txapelketan beti irabazi nahi izaten duzu. Zalantzaren bat edo beste banuen aurretik, baina dudak guztiz kendu nituen partidan zehar.

Bizi aritu zinen kantxan, baina, esan duzun moduan, erremate gehiagoko egunak izan dituzu. Lesioak ez, baina geldialdiak eragina izango zuen, ezta?

Dudarik gabe. Lesioak pilotarekin zerikusi gutxi zuen, ez baitie kalte egiten mugimenduei-eta, baina geldi egoteak bai. Automatismoak galtzen dira, eta jokoa ere bai. Argi ikusi nuen hori igandean, eta sentipen horrekin atera nintzen frontoitik: nire jokoak gora egiten duenean, arazotxo horiek segituan konponduko dira. Keinuak berriz hartzean, jokoak gora egingo du orduan.

Zer landu behar da horretarako?

Ezer berezirik ez da landu behar. Partidako egoeretara pixkanaka egokitzea da, eta horretarako partida jokatzea eta entrenamendu onak egitea. Zortez, astero pare bat entrenamendu on egiteko aukera badut, eta asteburuero jokatuko dut. Ona da hori.

Orain bai, baina aurrez bi hilabete eta erdi egon zara jokatu gabe. Lesioaz landa, luze egingo zitzaizun.

Lehen hilabete eta hiru asteak, batez ere. Horiek egin ziren luzeenak; lehen bi-hiru asteetan oraindik minez nengoen, eta erabat geldirik egon behar izan nuen. Gogorra mentalki egin zait, batez ere. Kirolariok mugitzera ohituta gaude: kirol bat ez bada bestea egitera, paseatzera, mendira joatera... Eta nik ezin nuen ezer egin. Hori izan zen gogorrena hasiera hartan, baina igaro da, eta bizitako beste esperientzia bat izan da. Ea honetatik ere gauza positiboak ateratzen ditugun eta ikasteko balio digun.

Nolakoa izan da osatze prozesua?

Hasieran, erabateko geldialdia: ohetik mahaira, handik sofara, sofatik lorategiko aulkira, eta berriz ohera. Gero, lehen probak egin eta gero, paseotxo batzuk ematen hasi nintzen, baina ezer gutxi gehiago. Azken asteetan hasi nintzen korrika pixka bat egiten, oso suabe, eta azken hiru asteetan entrenamenduetara itzuli naiz. Intentsitate baxuan hasi nintzen, eta probetan perikarditis arrastorik aurkitu ez eta analitiketan dena ondo zegoela ikustean hasi nintzen entrenamendu normalak egiten, fisikoak eta frontoiko entrenamenduak.

Itzulerako partidan 22-17 galdu zenuten, Urrutikoetxearen eta Martijaren kontra. Nolako neurketa izan zen?

Gorabeheratsua. Berdinketa askokoa izan zen, eta bikote bakoitzaren aldeko boladak izan ziren. Frontoi berezia da, eta baldintzetara egokitzea kosta egin zitzaigun. Halere, partida ona izan zela uste dut; tanto asko bukatu genituen, eta jendeak asko gozatu zuen. Udan garrantzitsua da hori.

Frontoi berezia dela esan duzu; partidan, pilotak brastako asko egin zituen. Igarri zenuten?

Bai, eta uste dut gehienetan estrainio horiek gure kontrara atera zirela, baina hurrena gure aldera aterako dira, eta ez dago aitzakiarik: haiek [kontrarioak] hobeak izan ziren, eta kito.

17-16 joan ostean, kontrarioek 22. tantoraino alde egin zizueten. Zerk huts egin zuen?

Horrelako partidak txikikeriek markatzen dituzte. 22-10 edo 22-8 izaten denean, argi eta garbi ikusten da bikote baten nagusitasuna. 17-16 aurretik joan ginen, eta detaileetan alde egin zigun partidak. Pilota bat edo beste motz geratu zitzaizkion Xabiri [Tolosa], berez ondo aprobetxatuko zituenak, eta Mikelek [Urrutikoetxea] pare bat erremate on egin zituen. Horiek lau tanto dira, eta hortik 21.era zoaz.

Jarraitu elkarrizketa Berria.eus-en.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!