«Probak eginez heltzen diot musikari, modu apal batean»

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Imaz 2021ko mai. 28a, 19:59
Argazkilaria: Maria Muriedas.
Ahotsaren indarraz eta herri musikaren moldeez baliatu da Arsuaga Verde Pratoren 'Kondaira eder hura' diskoa sortzeko. Tradizioa landu dutenengandik gertu sentitzen du bere burua.

Larre berdeak, zumezko aulkia, mahai zapi koadroduna. Mutil baten joatearen arrastoak pintatu ditu Ana Arsuagak (Tolosa, Gipuzkoa, 1994) Verde Prato bakarkako proiektuaren lehen diskoan. Istorio bat kontatu du zazpi kantatan, bakoitza pertsonaia baten ahotik abestuz. Unibertso berezi bat sortu du, musikazkoa eta irudizkoa, musikaria eta artista plastikoa baita: Kondaira eder hura (Plan B, Lago/Crater). Mazmorra eta Serpiente taldeetan aritu eta gero abiatu du bide berria. Soila da, sotila: ahotsak agintzen du, teklatua eta looper-a lagun.

Ikusirik kantuak, margolanak, bideoklipak, eszenografia... hor bada planteamendu estetiko oso bat egiteko asmoa, ezta?

Garrantzitsua da jakitea zer nahi duzun esan. Uste dut artista batek indartu egin dezakeela zerbait beste elementu batzuen bidez. Agertokikoa lan eszeniko baten moduan ulertzen dut nik, eta horrela hartzen dut neure burua ere, material gisa. Gorputz bat da, eta benetan esan nahi dudana adierazteko balio du. Bideoklipekin eta eszenografiarekin, berdin. Izango da arte plastikoen mundutik natorrelako eta dena osotasun horretan ulertzen dudalako.

Nolakoa izan da ekoizpen lana?

Oso interesgarria. Soinua beste kontu bat da; ez da musikari baten mundua, halabeharrez behintzat. Jon Agirrezabalagarekin aritu naiz. Mazmorraren diskoa grabatu zuen, eta orduan oso esperientzia ona izan nuen harekin. Dena nabaritzen zuen: noiz kantatzen nuen gogo gutxiagoz, noiz intentsitate handiagoz... Gustatu zitzaidan perfekzionismo hori. Disko honetan, eskua sartu du soinuan, eta asko ikasi dut.

Disko kontzeptual bat sortu duzu, istorio bat zatika kontatuta. Zergatik?

Hasi nintzen idazten, lau bat abesti egin nituen, eta konturatu nintzen bazeudela gai amankomun batzuk. Ez zait askorik interesatzen autoerreferentzian geratzea, eta toki unibertsalago batera eraman nahi izan ditut abestiak. Gai horiek nituen; zergatik ez sortu fikziozko istorio bat gainerako abestiekin eta zentzu narratibo bat eman, ipuin kutsuarekin? Alde batetik, lagundu egin dit, bide bat nuelako jarraitzeko, eta, bestetik, erronka bat izan da.

Ahotsa da zure musikaren elementu nagusia, eta ñabardura asko ditu. Nola landu duzu?

Ahotsak asko hunkitzen nau besteengan. Iruditzen zait instrumentu guztien artean sentsibilitaterik handiena harrapatzen duena dela, zentzu hertsian. Berezko tresna bat denez, emozio eta alterazio guztiak harrapatzen ditu. Urduri baldin bazaude, arnasa modu batean ateratzen da, eta, beraz, zure ahotsa ere bai. Bestalde, herri kantuekin lotura handia du. Hura da protagonista.

Jarraitu irakurtzen hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!