Elkarrizketa

«Antzerkiaren periferia erakutsi nahi dut saioan»

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Urkizu 2021ko mai. 8a, 12:00

Lau astean behin, antzerkiari eskainitako irratsaio bat aurkezten du Idoia Gereñuk Ataria irratian. Agendari ihes eginda, atal bakoitzean gai bat lantzen du.

Jarrai antzerki taldearen inguruko doktore tesia egin zuen Idoia Gereñu irakasleak (Tolosa, 1980). Katiuska antzerki taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta taldeko kidea da.

Inguruan ez daude antzerkiari eskainitako irratsaio asko. Nola otu zitzaizun Eleak eta beleak egiteko ideia?

Aspaldian neukan buruan antzerkiaren eta irratiaren arteko loturarekin zerbait egitea. Antzerkiak badu presentzia irratian, baina gehienetan antzezlan edo ikuskizun bat iragartzeko izaten da. Ez nuen hortik jo nahi. Jolasa izan daiteke antzerkia, eta irakurketa dramatizatuen ideia ere banuen buruan. Ataria irratira gerturatu nintzen iazko udaberrian; hain justu, esan zidaten antzerkiarekin zerbait egitea pentsatzen ari zirela, eta aurrera egin genuen.

Atal bakoitzean gai bat lantzen duzu, agendari, propio, kasu handirik egin gabe.

Antzerkiaren periferia erakutsi nahi dut. Hedabideetan gehienetan antzezlanen aktore nagusiei eta zuzendariei egiten zaizkie elkarrizketak. Baina antzerkiaren amaraunak eta sareak zabalagoak dira. Beti heltzen diot gai zehatz bati; hartaz, saioa ez da propio egun seinalatu batzuetan entzuteko, baizik eta atal bat hemendik urtebetera entzun nahi duenak entzuteko aukera izan dezala. Guztiak daude entzungai Atariaren webgunean.

Antzerkiaren alor asko ilunpetan daudela iruditzen zaizu komunikabideetan?

Bai, amateur mundua, adibidez, nahiko ezkutuan geratu ohi da. Antzerkiaren mundua lantaldearen mundua da, atzeko lana ere hor dago, eta hori ikusaraztea da programaren helburua: antzerki eskolak, kritikak idazten dituztenak, ikerketak egiten dituztenak, teknikariak... Hurrengo atalean jantziak egiten dituztenak gonbidatuko ditut.

Saioa patxadaz entzutekoa da; ez du ematen presaren larritasunaz aritzen zaretenik.

Lagunen batek esan dit astunegia naizela eta mantso hitz egiten dudala. Iruditzen zait benetako nire hitz egiteko erritmoa ez dela hain mantsoa, baina teknikarekin uztartzen zait lana, eta mantsotzen zait egitekoa. Baten batek ere esan dit gustukoa duela erritmo pausatu hori.

Baina nola sentitzen zara mikro aurrean?

Ume sentitzeko modua da. Normalean edizio lanak egitera asteburuetan etortzen naiz irratira. Orduak hegan joaten zaizkit, eta gozatu egiten dut.

Jarraitu elkarrizketa osoa irakurtzen Berria.eus webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!