Bultza Euskaltegiak! Bultza Euskara!

22. Korrika, 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Ostolaza 2021ko mar. 28a, 21:26
Berria.eus / JON URBE / FOKU

Gaur ekitaldiak egin dituzte 80 herri baino gehiagotan, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamikaren baitan. AEK-k azpimarratu du 22. Korrika «inoiz baino beharrezkoagoa» izango dela.

Pandemiarik ez balitz, gaur amaituko zen 22. Korrika. Jakina zen, ordea, aurten ezingo zela euskararen aldeko lasterketarik antolatu, eta horren ordez, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika antolatu zuen AEK-k. Hala, milaka lagun elkartu dira gaur Euskal Herriko hainbat plazatan euskaltegien sareari babesa erakusteko. Ez hori bakarrik; Korrikaren antolatzaileak etorkizunera begira dabiltza jada, eta iragarri dute 22. edizioa noiz egingo duten: 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 22ra. Haien arabera, «inoiz baino beharrezkoagoa» izango da datorren urteko Korrika.

AEKrentzako finantzaketa iturri garrantzitsua da Korrika, eta ez egiteak «kolpe itzela» eragin dio: ikasturteari aurre egiteko, zorpetu egin behar izan du. Galera hori ahal bezainbeste leuntzeko, herritarren diru ekarpenak jasotzeko abiatu zuen kanpaina da Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!; AEKren webgunean egin daitezke ekarpen ekonomikoak.

Gaur «ekitaldi xumeak» egin dituzte 12:00etan, «unean uneko osasun neurrietara egokitutakoak». AEKren mezua irakurtzeaz aparte, bi abesti entzun dira: Euskal Herrian euskaraz kantua, batetik, eta gaurko egunerako sortutako Lekukoa mingainean bertso-rapa, bestetik.

40.000tik gora ikasle

AEK-k nabarmendu du pandemia garaian ere ohiko ikastaroekin jarraitzen dutela, eta txalotu egin ditu euskaltegietan ari diren irakasleen eta ikasleen ahalegina: «Euskal Herrian nahiz munduko hainbat tokitan, aurten 40.000tik gora herritar dabiltza euskaraz komunikatzeko bidea egiten, bai horixe!». 

Horretaz gain, euskaltegi sendoen beharra dagoela nabarmendu dute, «Euskal Herri osoko herritarrei euskara ikasteko baldintza egokiak emateko». Horretarako babesa eskatu dute, agintari politikoak ere mugiarazi ahal izateko. 

Euskaltegien sarearen arabera, Euskal Herriko herritarren %55 erdalduna da oraindik, eta, beraz, euskaltegiak beharrezkoak dira «jendarte euskalduna amets badugu». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!