«Ez, trans bat ezin da lasai bizi Albizturren»

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Telleria Sarriegi 2020ko abe. 30a, 13:00
BERRIA.EUS / ANDONI CANELLADA / @FOKU

Bere buruarekin zuen zorra kitatuta, Mutiloa 'Esnatu naiz' kabaretarekin ari da herriz herri. Trans bat da Londresko Pink Flamingo klubean: neonezko argipean drama eta komedia. Eta salaketa. Eta ausardia.

Bai, irratiko ahots ezagun hori da Andoni Mutiloa Irazusta (Hernani, Gipuzkoa, 1976). Baina bada Elur, eta bada Pello ere. Eta haiekin josi du hiruki eder bat Esnatu naiz kabaretean. Irribarreak eta malkoak marraztu ditu. Kantuak sortu eta abestu ditu. Baina galderak jaurti ditu, eta salaketak: «Trans bat lasai bizi daiteke Albizturren? Bi lesbiana gaztek euren arteko maitasuna modu irekian adieraz dezakete Arbizun? Eta bi gizon helduk bikote harreman arrunt bat izan dezakete Baigorrin?». Anoetan (Gipuzkoa) ariko da gaur (18:00).

Esnatu naiz da zure ikuskizuna. Zer zegoen, bada, lozorroan?

Sormenerako gaitasuna. Ez nuen usteko gai izango nintzenik horrelako zerbait sortzeko. Arlo artistikoa jorratzeko betidanik izan dut gogoa, baina ez naiz sekula ausartu, ez naiz jarri horretara. Hori bazen neure buruarekin neukan zor bat, eta zor hori kitatzea lortu dut.

Trans bat lasai bizi daiteke Albizturren?

Ez, gaur egun, oraindik, ez.

Dei zaitzaket kabaretari?

Duela urtebete, ikastaro batean parte hartu nuen. Erakutsi ziguten nola egin gure aurkezpen artistikoa. Antolatzaileak esan zigun oso garrantzitsua zela bi edo hiru hitzen bidez geure burua deskribatzea, eta zerbait berezia izan behar zuela; gure marka. Eta jarri nintzen ikuskizun honen harira neure buruari begira, pentsatuz nola aurkeztu behar nuen. Eta lortu nuen: artista kabaretari lotsagabea. Beraz, bai, deitu lasai niri kabaretari.

Non daude euskal Pink Flamingo-ak?

Egon badaude, baina gehienak ezkutuan daude oraindik ere.

Zer eman die Andonik Elurri eta Pellori?

Ikusgaitasuna. Hiruki bat sortu dugu Andoniren, Edurren eta Pelloren artean. Andoni sortzailea litzateke. Nik gorpuztu egin ditut. Baina hiruki bat bada: harremanak norabide guztietan doazelako da.

Zer du orduan autobiografikotik?

Fikzioa da, baina asko du autobiografikotik. Oso pertsonala da. Ni neu ere harritu egin naiz nire esperientzia pertsonalak fikzioarekin nahastean. Hasieran, beste itxura bat zuen, baikorragoa, bukolikoagoa... orain, ertz gehiago ditu.

Herri txikietara jo duzu nahita. Zer jaso duzu haietan?

Harrituta nago izandako harrera beroarekin. Jende askok eskertu egin dit proposamena, jende asko emozionatu egin da. Esan didate beharrezkoa zela gai honi buruz hitz egitea, eta modu honetan hitz egitea. Kabaretaren eta trans munduaren argiak eta ilunak nahastu ditugu. Jendeak asko eskertu du. Eta gehien entzuten ari naizen hitza da ausarta. Ez nuen uste jendeak horrela jasoko zuenik.

Baina kritika ere egiten duzu. Zeri?

Euskal gizarteari. Mentalitate aldetik oraindik oso itxiak garelako. Oraindik, gaur egun trans bat Albizturren ezin delako lasai bizi. Bizi ahal izango da, baina modu askean eta irekian, nekez. Oso ausarta izan beharko du. Oraindik erasoak jaso ditzake, eta begiradak, iruzkinak, atzetik egiten diren horiek. Eta hori ere bada normalizazio falta horren adibide argia, eta oraindik, tamalez, asko dugu hortik Euskal Herrian. Hori plazaratu nahi dugu, modu sotilean, baina plazara ekarri: «Konturatzen zarete nola jokatzen dugun askotan? Zer zaila den trans batentzat Euskal Herrian bizitzea?».

Jarraitu irakurtzen berria.eus-en.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!