Koronabirusa

Tabernek iluntzeko bederatzietan itxi beharko dute intzidentzia tasa handia duten herrietan

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2020ko urr. 22a, 21:40

Bi neurri berri jarriko dira bihar indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Batek intzidentzia tasa handiko herriei eragingo die; besteak, gainontzeko guztiei. Semaforo gorria piztua duten herrietan ezingo da talde kirolik egin, eta are gehiago mugatuko dira denden eta parkeen ordutegiak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean jarriko diren neurri berriak aurkeztu ditu Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Horiek 5.000 herritar baino gehiago izan eta 100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago dituzten herriei eragingo die. Hau da, Gipuzkoako hogei herriri eta Bizkaiko bosti. Hala, EAEko aldizkari ofizialean bi agindu argitaratuko dira, eta bihar bertan sartuko dira indarrean. Agindu batek semaforo gorria piztua duten herriei eragingo die, eta besteak, gainerakoei.

5.000 herritar baino gehiago eta 500eko intzidentzia tasa dute herrietan, besteak beste, talde kirolak egitea debekatu du Jaurlaritzak, eremu irekian edo itxian izan. Hau da, kirola bakarka bakarrik egin ahal izango da. Horrez gain, haur parkeak, parke publikoak eta terrazak itxita egongo dira 21:00etatik 08:00etara. Merkataritza establezimenduen kasuan, 21:00etan itxi beharko dituzte ateak, elikadura establezimenduen, farmazien eta gasolindegien kasuan izan ezik. Horiek, ordea, ezingo dute alkoholik saldu ordu horretatik aurrera.

Ostalaritzarako ere merkataritzako establezimenduei jarritako ordutegi bera ezarri dute. Tabernek eta jatetxeek itxiera ordutegia 21:00 arte aurreratu beharko dute, eta ezingo dira 06:00 arte ireki. Gainera, orain arte bezala, eserita eta mahai batean kontsumitu beharko da, inolaz ere ez barran.

Hainbat gomendio ere eman ditu Osasun sailburuak. Besteak beste, irteerak mugatzea —beharrezko kasuetan izan ezik—, egin beharreko topaketak atzeratzea, eta elkarrekin bizi direnekin bakarrik elkartzea. Hala, sei lagun baino gehiago ez biltzea gomendio bat izango da, ez agindua, EAEko Auzitegi Nagusiak emaniko ebazpenaren ostean.

Ondorengoak dira neurri horiek eragingo dieten herriak: Abadiño, Durango, Elorrio, Ermua eta Lekeitio (Bizkaia); eta Andoain, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Hernani, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Zumaia eta Zumarraga (Gipuzkoa).

Gainerako herrietan, ostalaritzako establezimenduek 00:00etan itxi beharko dute, eta elkarte gastronomikoetan eta txokoetan ezingo da inongo jarduerarik egin. Gainerako neurriak Jaurlaritzak aurretik jakinarazitakoak izango dira. Hori bai, herri horietan ere topaketak sei lagunetara mugatzea gomendatzen dute.

 

Berria.eus-en argitaratutako albistea. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!