"Poundengana jotzen dut lasaitasun eta inspirazio bila"

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Igartua Aristondo 2020ko uzt. 18a, 13:16
Ezra Pound poetak XX. mendeko gatazka egoera irudikatu zuen bere olerkietan. Garaian jazotako kulturaren eta tradizioaren haustura islatu zuen bai obren edukian eta baita haien forman ere.

Poeta miretsi eta influentzia iturri du Tolosan bizi den Igor Estankonak (Artea, Bizkaia, 1977) Ezra Pound estatubatuarra. Irakurri zuen lehen aldian poetak ez zuen harrapatu, baina denborarekin zale bilakatu da. Susa argitaletxeak publikatutako antologia euskaratuak izan du zerikusirik bilakaeran. Pound euskaraz ari da jada.

Zergatik aukeratu duzu?

2018an, Luigi Anselmik Munduko Poesia Kaieretara ekarri eta gero, berriro gerturatu nintzen zoro maitagarri horren literaturara. Lehenagotik ere ezagutzen nuen, gaztelerazko itzulpenen bitartez, baina euskarazkoa agertu eta gero sakontzen joan naiz haren kantuetan. Gainera, nire azkenengo poema liburuan, Moskito-n, zeresan handia dauka, eta aipuren bat ere badago.

Zer hartu du Moskito-k Poundik?

Erdietsi nahiko nukeen poesia eite bat lantzen du Poundek. Haren ideal hori, Txinatik, Proventzatik... ekarria, eta Erdi Aroko poesiaren bidegurutze izaera, gustatzen zaizkit. Nik poesia nahiko anarkikoa egiten dut, eta Poundengana jotzen dut lasaitasun eta inspirazio bila.

Eztanda egin zuen kultura baten hondarrak batu zituen Poundek...

Nik uste dut ez dituela batzen, puskak bere horretan uzten dituela baizik. Asko ahalegindu dira haren kantuetan murgiltzen arrazoi, esanahi edo lotura baten bila, baina azkenean etsi egin behar izan dute. Zatiak zeuden bezala aurkezten dizkigu Poundek, iritsi zaigun bezala erakusten digu historia, mila zatitan eta mila interpretazio posiblerekin.

Ondorioz, tradizioa berritu zuen?

Bai, itzulpenaren puruz. Zerbait itzultzean, horretan sakondu behar duzu, zure hizkuntzara ekarri, eta gauza bera esateko beste forma bat bilatu behar duzu. Japonia, Proventza, Grezia, Erroma... beste modu batera esan zituen, esaten zutena esaten jarrai zezaten. Hori da Pounden kontribuzioa: itzulpenaren bitartez berrinterpretatu, eta beste modernotasun bat sortzea.

Bere poesiak helbururen bat du?

Estetikaz harago, politika egiten du, batez ere ekonomiaz ari denean. Korporatibista zen, eta lukurreriaren kontra egin zuen. Baina haren obra oro har hartuta, uste dut helburua ur korronte handi horren argazki bat egitea zela.

Haustura irudikatzeko, zer du poesiak beste generoek ez dutena?

Bera da haustura, ez dio beldurrik hausteari. Beti ari da adierazle berrien bila, beste genero batzuk baino gehiago, beharbada. Poesia da musika, rapa... poesia daukate manifestuek, txioek... Sakonean daukana hobeto helarazten du; hain zuzen, ez daukalako forma jakinik.

Nola aldatu da Pound lehen aldiz irakurri zenuenetik?

Gazteleraz irakurri nuen lehenbizi, eta, agian itzulpena ez zelako onena, hermetikoa eta ezinezkoa egin zitzaidan. Orain, berriz, euskarazko itzulpenei esker, eta beharbada ni ere ez naizelako orduko hura, disfrutatzen ari naiz, eta ez naiz pentsatzen ari hainbeste zer dioen, baizik eta nola dioen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!