Internet bidez eskatu ahalko dira aldi baterako erregulazioak osatzeko laguntzak

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Ostolaza 2020ko uzt. 8a, 16:34

Lanbidek uztaileko bigarren hamabostalditik aurrera ahalbidetuko du aukera hori. Eusko Jaurlaritzak 15,4 milioi jarriko ditu.

Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden langileek Internet bidez eskatu ahalko dituzte soldatak osatzeko laguntzak. Araban, Bizkain eta Gipuzkoan uztaileko bigarren hamabostalditik aurrera jarriko du martxan aukera hori Lanbidek; gaur onartu du neurria enplegu zerbitzuko administrazio kontseiluak.

Laguntza eskatzeko Lanbideren webgunetik jaitsi ahalko den inprimaki bat bete eta bidali beharko da. Neurria EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean ahalbidetuko dute aukera hori, eta urriaren 16ra bitartean egongo da eskuragarri.

Jaurlaritzaren arabera, hori izango da eskabidea egiteko bide bakarra: «Inprimakia telematikoki bete ahalko da, ez da identifikazio elektronikorik sartu beharko; hala, edozein gailutatik bete ahalko da».

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak atzo onartu zuen 15,4 milioi euro jartzea enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean dauden langileen soldatak osatzeko: hilean 150 euro gehienez. Uztailaren 1etik irailaren 30era arteko erregulazioei eragingo die, eta osagarri horren helburua da aldi baterako erregulazioek eragindako errenten murrizketa «arintzea», egoera horretan egon aurretik langileek zuten «bizi mailari eusten laguntzeko».

40.000 pertsonari baino gehiagori eragingo die neurriak. Osagarria jasoko dute hilean 1.666 eurotik beherako kotizazio oinarria edo urtean 20.000 eurotik beherako soldata gordina duten langileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!