Enpresek euren gain hartu beharko dute etxetik lan egitearen kostu osoa

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Magro Eizmendi 2020ko eka. 29a, 15:53

Telelana arautzeko lege aurreproiektuaren arabera, langileak ordutegi malgua izan dezake, eta «deskonexio eskubidea» aitortuko diote.

Langileak telelanean dituzten Hego Euskal Herriko enpresek «bere osoan» ordaindu beharko dituzte jardunak lantokitik kanpo eragiten dituen kostu guztiak. Horiek hala, enplegatuak ez du bere poltsikotik ordaindu beharko «lanerako beharrezko diren lanabes, erreminta edo baliabiderik», ez zuzenean, ez zeharka. Era berean, etxetik diharduen langileak bere ordutegia egokitzeko eta deskonexio digitalerako eskubidea izango du. Espainiako Gobernuak etxetik egiten den lana arautzeko eraturiko lege aurreproiektuan zehazturiko neurri batzuk dira horiek.

Lan Ministerioak atzo ezagutarazi zuen testua, eta Maria Jesus Montero gobernuko bozeramaileak zehaztu zuen oraindik «zirriborroa» dela. Koronabirusaren krisiaren aurretik zuten eztabaidagai, baina azken hilabeteetan telelanak izan duen gorakadak prozesua bizkortu du. Oraindik eragile sozialekin eztabaidatu behar dute, eta uztailaren 7ra arte ekarpenak egin ditzakete. Gero etorriko dira gorteetako tramiteak.

Aurreproiektuaren arabera, enpresak bere gain hartu behar ditu langilearen ordenagailuaren, argindarraren eta Internet konexioaren gastuak. Hala ere, ez du zehazten nola edo zeren arabera kalkulatu eta ordaindu behar diren. Lan hitzarmenetan agertu daitezela eskatzen du, edo enpresaren eta langileen artean adostu daitezela.

Ordutegia arautzeko neurriak ere ageri dira, «malguak» izan behar dutela argituz. Langileak ordutegia bere beharretara egokitu ahal izango du, baina hura ordu jakin batzuetan bere postuan egotera behartzeko eskubidea aitortzen dio enpresari. Horretarako, tarte horren hasiera eta amaiera orduak zehaztu behar ditu. Hor sartzen dira kontrol neurrien mugak, enpresak langileak bere ordutegia «zintzo» betetzen duela ziurtatzeko erremintak erabili ditzakeelako.

Kontrolaren eskutik doa «deskonexio digitalerako» eskubidea. Alegia, langileak ez du zertan une oro laneko baliabideei kasu egiten egon: «Atseden orduak errespetatu beharko dira, baita lan jardunaldiaren legezko iraupena ere». Besteak beste, enpresak ezingo du langilea behartu programa edo baliabide jakin bat instalatzera —laneko posta elektronikoa, adibidez— bere gailu elektroniko pertsonaletan.

Telelanak «borondatezkoa» izan beharko du, eta langilea nahi duenean itzul daiteke lantokira. Era berean, etxetik lan egitean ez da inolako eskubiderik galduko. Neurri horien aplikazioa kontratuetan edo lan hitzarmenetan agertu beharko da.

Deslokalizazioaren mamua

CEOE Espainiako enpresarien elkarteak telelana kontrolatzeko arauak «bizkorregi» ezarri nahi izatea leporatu zion atzo gobernuari, eta «zuhurtzia» eskatu. Antonio Garamendi patronaleko presidentearen hitzetan, baldintzak gogortzeak deslokalizazioa eragin dezake: «Norbait kontratatu behar baldin badut, eta ezinezko baldintzak ezartzen badizkidate, eta ezin badut nire lantaldea kudeatu, bihar bertan Portugalen kontratatu dezaket norbait... Mundua globala da, eta digitalizazioa ere bai. Kontu handiz planteatu behar da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!