"Euskararena gai deserosoa da epaileen artean"

Erabiltzailearen aurpegia

Juan Luis Ibarrak erretiroa hartuta, aste honetan izendatu dute Biurrun Auzitegi Nagusiko buru, behin-behinean. «Tramite» gisa hartu du berak; ez du erabaki kargurako aurkeztu ala ez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidente kargua hartu berritan, asteon zorion mezu ugari jaso ditu Bilboko epaitegietako korridoreetan, baina ez da guztiz eroso ageri halakoekin. «Tokatzen zitzaidan. Normaltasunez hartu dut hau; ez diot garrantzi berezirik eman nahi, ezta kendu ere», aitortu du Garbiñe Biurrunek (Tolosa, Gipuzkoa, 1960). Berariaz eskatu zuen bulegoa ez aldatzeko; 2009tik Auzitegi Nagusiko Gizarte Arloko presidente gisa erabili duen txokoan jaso du BERRIA, epaiketa baten ondoren.

Behin-behinean izango zara Auzitegi Nagusiko buru, udazkenera arte. Ez duzu ia astirik izango proiekturik edo aldaketarik bideratzeko...

Ez, ez dago ezertarako denborarik. Nolabait ere, tramite bat da hau; gauzak nahiko finkatuta daude. Itxuraz, erakunde hau oso presidentzialista da, baina badaude organo kolektiboak erabakiak hartzeko: presidenteak badu aukera gauzak bideratzeko, baina gobernu batzordeak hartzen ditu erabaki asko, eta, orain, epidemiaren harira, COVID-19aren jarraipen batzordea ere ari da.

Uztailean hasiko da Auzitegi Nagusiko presidentea hautatzeko prozesua. Zure burua aurkezteko asmorik al duzu?

Ez dut erabaki. Benetan. Duela urtebete esaten nuen ezetz, eta orain ez; baina ez dakit.

EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea Madrilen aukeratzen du CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Aukerarik izango zenuke emakumea, aurrerakoia eta euskalduna izanda?

Zaila da esaten. Batetik, ez dakigulako zenbat hautagai izango diren, eta zer hautagai. Bestetik, CGPJrekin lotuta inork ez dakielako gauzak nola bukatzen diren: hor aldagai asko daude, eta zaila da jakiten zer baloratuko duten.

Esaten da hobetsiko luketela emakume bat hautatzea baina ez lukeela zure alde egingo aurrerakoia izateak.

CGPJren gehiengoa zein den badakigu, eta, hala ere, kontseilu horrek izendatu ninduen bigarren aldiz lan arloko presidente. Horregatik diot zaila dela esaten zer baloratuko duten. Egia da emakume izateak balio berezia izango duela: hautagaiek meritu antzekoak badauzkate, emakume izateari garrantzia emango zaio, hori arauetan jasota dagoelako, baina baliteke gizon batek meritu objektibo gehiago edukitzea.

Pandemiak bi hilabetez itxiarazi zituen auzitegiak. Zer egoera duzue orain?

Prozedurak geldituta egon dira ia hiru hilabetez, eta, bitartean, oso gai larriak baino ez dira tramitatu eta ebatzi; lan arloan, COVID-19ari lotuak izan dira gehienak. Orain pilaketa ikaragarria daukagu: hiru hilabeteotako gaiei berrekin behar diegu, eta etorriko zaizkigunak kudeatu —lan arloan, badirudi asko izan daitezkeela—. Eta horri gehitu behar zaio oztopo bat: eraikinen edukiera murriztuta, lehen baino epaiketa gutxiago egin daitezke; horregatik hasi dira epaiketak arratsaldez egiten. CGPJk hartutako neurri bereziak alarma egoera bukatu eta hiru hilabetera amaituko dira, irailaren 20an, eta oraindik ez dakigu zer gertatuko den irailaren 21etik aurrera: nolako antolakuntza izango dugun, eta zer neurri hartuko diren metatze horrek ez dezan ekarri atzerapen handirik. Hemen errefortzuak eskatuko ditugu.

Aurrez ere justizia administrazioak muga-mugan egoteko itxura eman izan du. Baliabideak falta al dira?

Tarteka entzuten da justiziari buruz estatu itun bat egingo dela, baina ez da asko aurreratzen. Hausnarketa bat egin nahi nuke horren inguruan. Herritarrek aspaldi onartu dute osasuna eta hezkuntza oinarrizkoak direla, ez bakarrik norbere bizimoduan, baizik eta herritarron arteko berdintasuna eta justizia soziala gauzatzeko: hezkuntza eta osasun sistema publiko duinik gabe ez dago aukera berdintasunik. Nire ustez, justizia maila horretan jarri behar da, hezkuntzarekin eta osasunarekin parekatu: justizia sistema publikorik gabe ez dago askatasunik, osasunik, hezkuntzarik... Herritarrek pertzepzio hori izan dute garai jakin batzuetan; adibidez, etxegabetzeen garaian, justiziaren erreakzioa azkarra eta ausarta izan zenean; edo 2012ko lan erreformaren harira, herritarrek sumatu zuten justiziak bazuela langileriarekiko joera bat. Pertzepzio hori indartu behar dugu: justizia ez dago herritarren interesen aurka joateko; alderantziz, justizia azken-azken gotorlekua da herritarron eskubideak bermatzeko.

Epaile ausartak behar dira?

Asko daude. Baina mundu hau oso ezezaguna da, eta ezagutzen dutenek, gertutik tokatu zaielako, batzuetan ez daukate esperientzia ona, edo ona dutenean ahaztu egiten zaie. Baina justiziaren balioa azpimarratu behar da. Orain, COVID-19a dela eta, langile kolektibo askok —Osakidetzakoak, zahar etxeetakoak, ertzainak, anbulantzietako langileak...— eskatu dute babesa lan arriskuen prebentzioan; justizia horretarako dago. Badakigu justizia beti iristen dela zertxobait berandu, gauzak gertatu eta gero, baina horrela da sistema: justizia bera ez da prebentiboa.

Gizarte eta lan arlotik zatoz. Justiziak gizarteko desorekak orekatzeko tresna izan behar du?

Justizia hitzak oso oinarrizkoak diren bi esanahi ditu. Batetik, gizartearen balore bat da; berdintasunarekin eta askatasunarekin batera, gizarte orekatu baten ezaugarria. Bestetik, justizia, erakunde gisa, tresna bat da, justiziaren balore hori benetakoa izan dadin: berdintasuna eta askatasuna gauzatzeko, justizia sistema beharrezkoa da.

Eta lortzen al du?

Ez du erabat lortzen: begi bistakoa da oraindik injustizia asko daudela, eta desberdintasun ikaragarriak, eta justiziak ez duela lortzen hori orekatzea. Baina justizia sistemarik gabe gauzak askoz okerragoak lirateke; nahiz eta justizia sistema inperfektua izan, badu bere balioa.

Pandemiaren harira, lan arloan ere auzibide asko espero dituzue. Nolakoak?

Ez dakigu zehazki noiz iritsiko diren; enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak mantentzen diren bitartean, auzi gutxiago izango dira, baina, amaitzen direnean, enpresa guztiek ezingo dituzte langile guztiak berriz hartu.

Eskubide zibilen eremuan ere salaketa ugari egon dira, konfinamendua urratzea egotzita. Auzibide asko espero dituzue?

Juan Luis Ibarrak [Auzitegi Nagusiko presidente ohiak] esan zuen bere ustez isunen %10 bakarrik mantenduko direla, eta gainerakoak bertan behera utziko dituztela. Horiek soilik mantenduta, erdiak inpugnatzen badira, 4.000-5.000 auzi irits daitezke administrazioarekiko auzien aretora; asko dira.

Ertzaintzak mozal legea aplikatu badu, ba al dago arriskurik salaketa horiek isun bihurtzeko, epaitegietatik pasatu gabe?

Bai, hori da mozal legeari egin zitzaizkion kritiketako bat: isunak jartzeko aukera ematen du kontrol judizialik gabe, kontrol judiziala isuna inpugnatzean datorrelako.

Zeresan berezia eman dute identifikazio arrazistek. Kasu horietako asko ez dira epaitegietara iritsiko, herritar batzuek ezin dutelako abokaturik kontratatu, edo auzia korapilatzea eragotzi nahi dutelako. Non geratzen da defentsa eskubidea?

Inon ez. Zorionez, badaude gobernuz kanpoko erakunde asko tresnak eta baliabideak eskaintzen dituztenak horrelako kasuetan. Baina egia da legea berez injustua dela, legearen aurrean mundu guztiak ez dauzkalako aukera berberak. Ofiziozko abokatu gehiago egon beharko lirateke, baina aztertu beharko litzateke defendatzaile publikoaren figura sortzea, fiskalen parekoa. Eta, eremu publikoan ez bada lan hori egiten, horretan dabiltzan erakundeek laguntza publiko handiagoa jaso behar lukete.

Adierazi izan duzu alarma egoera ez zela ezinbestekoa pandemia kudeatzeko. Zer beste aukera zegoen?

Gobernuak berak aitortu du errege dekretu bidez alda zezakeela osasun publikoaren legea eta konfinamendua ezarri. Izatez, hemen, Eusko Jaurlaritzak itxialdi batzuk agindu zituen alarma egoera baino lehen. Beraz, neurri berberak har zitezkeen beste modu batera. Agian ondorioak antzekoak izango ziren, baina alarma egoerak izu sentsazio handia eragin du, eta funtsezko eskubideak mugatu ditu —ez bakarrik mugitzeko askatasuna—.

Justizia eztabaida publikora ekartzen duen beste gaietako bat indarkeria matxista da. Nola irauli daiteke justizia sistemaren izaera patriarkala?

Justizia, erakunde gehienak bezala, gure gizartean gertatzen denaren isla da. Justizia patriarkala izateak ez du esan nahi emakumezkoek tokirik ez dugunik: badugu; orain, emakume epaileak erdiak baino zertxobait gehiago gara. Arazoa da epaitzerakoan eta gizartea aztertzerakoan denok ditugula tik matxista batzuk. Formakuntza berezia behar dugu, baita nik ere, eta formakuntza horri nik feminismo deitzen diot: berdintasun erabatekoa eta eraginkorra lortzeko tresna. Zuzenbidea gizakion eraikuntza bat da, eta gizakion zigilua darama: matxismoa. Trebakuntza behar da hori detektatzeko, aztertu ahal izateko lege neutral baten atzean zer diskriminazio egon daitekeen zeharka.

2020an euskaraz epaitua izatea ia ezinezkoa da, nahiz eta badauden justizia administrazioa euskalduntzeko programak. Zer falta da?

Nik uste dut orokorrean abiapuntu bat falta dela: jakin behar da zein den errealitatea eta zein diren hizkuntza eskubideak; hori barneratu gabe, ez dago ezer egiterik. Belaunaldi berriak, zorionez, euskaldunak dira, baina orokorrean ez dago kontzientziarik: hemen irudipena da euskararen auzia ez dagokigula guri.

Bigarren mailako eskubideak dira hizkuntzari lotutakoak?

Beharbada aitortuko zaie herritarrei eskubidea, baina horrek ez gaitu lotzen epaileok: «Ez da gure betebeharra». Baina, nire ustez, gu ezinbesteko eragilea gara: ez bakarrik epaiketak euskaraz egin ahal izateko, baizik eta kontzientzia areagotzeko. Justizia administrazioa euskalduntzeko planek badituzte urte batzuk, baina emaitzak eskasak izan dira. Gainera, plangintza orokorra egin behar da, prozeduretako eragile guztiak kontuan hartzeko.

Bere garaian aipatu zen zirkuitu euskaldunak eratzea.

Hori segituan baztertu zen. Orain badaude esperientzia pilotu batzuk, baina jarraitzen dugu esperientzia pilotuekin; estatutua onartu zenetik 41ra urtera ez gara kapaz izan honi bultzada bat emateko. Bere garaian, gainera, gaia oso politikoa izan zen, oso liskartsua; epaileen artean gai deserosoa da.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!