Espainiak ez du onartu Euskal Herri osoan ibili ahal izatea

Erabiltzailearen aurpegia Gotzon Hermosilla 2020ko eka. 3a, 09:59
Ezingo da Xabierko gaztelura joan hirugarren fasean

Jaurlaritzak eskaera hori egin zien Espainiako eta Frantziako gobernuei. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aukera egongo da herrialde batetik bestera joateko, hirugarren fasera igaroz gero.

Eusko Jaurlaritzak eskaera egin die Frantziako eta Espainiako gobernuei Euroeskualdea osatzen duten hiru administrazioetan, hots, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta Akitania Berrian herritarrek leku batetik bestera mugitzeko aukera izan dezaten hirugarren fasea indarrean sartzen denean. Baina, Frantziako Gobernuak ezer erantzun aurretik, Espainiako Gobernuak jadanik ezezkoa eman dio eskaerari, eta Espainiako Osasun ministro Salvador Illak esan duenez, «autonomia erkidegoen artean ibiltzeko» aukera «normaltasun berriarekin» batera baino ez da iritsiko.

Jaurlaritzak uste du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak baldintzak betetzen dituztela hirugarren fasera igarotzeko, koronabirusaren izurriaren kontrako neurriak malgutzeko prozesuan, eta eskaera helarazi dio Espainiako Gobernuari. Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak esan duenez, eskaera onartuz gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek libre izango dute probintzia batetik bestera mugitzea astelehenetik aurrera, baina aukera hori Euskal Herri osora hedatu nahi zuten «arrazoi sozioekonomikoak» eta «familiarrak» direla eta.

Hirugarren faseak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izango dituen zenbait ezaugarri azaldu ditu Tapiak. Denda eta saltoki handietan gehieneko edukiera %60 izango da. Taberna eta jatetxeetan, berriz, ez da gehieneko bezero kopururik ezarriko, baina bi metroko aldeari eutsi egin beharko diote mahaien artean. Barran kontsumitzea posible izango da, bezeroen arteko tarte hori utzita.

Zinema, kultur ekitaldi eta ikuskizunetan, ikusle kopurua gehienez %50 izango da, eserita, eta sarrera aldez aurretik hartuko da. Areto itxietan antolatutako ekitaldietara gehienez 80 lagun sartuko dira, eta aire zabalean egindakoetara, berriz, 1.000. Pilotan eta arraunketan, goi mailako kirolariek baimenduta edukiko dute entrenatzea.

Udalekuetako baldintzak ere zehaztu ditu Jaurlaritzak, hirugarren fasera igaroz gero aplikatzekoak. Horiek ere %50ean arituko dira: leku itxietan gehienez 80 lagun, eta irekietan 200, haurrak zein begiraleak aintzat hartuta.

Nafarroak ere eskaera egin du hirugarren fasera pasatzeko, eta, lortuz gero, «kutsatzeko arriskua gutxitzen» ahaleginduko dira, Nafarroako Gobernuko bozeramaile Javier Remirezek Radio Euskadin esan duenez.

Alarma egoeraren luzapena

Espainiako Kongresuak gaur aztertuko du Espainiako Gobernuaren proposamena alarma egoera beste bi astez luzatzeko, eta, itxura guztien arabera, proposamena onartuko du, Pedro Sanchezen gobernuak EAJren, ERCren eta Ciudadanosen baiezkoa lortu baitu aldez aurretik.

ERCrekin eta EAJrekin akordioa lortu ostean Ciudadanosekin ere hitzartu izanak jeltzaleen susmo txarra piztu zuen, ordea, uste zutelako azken akordio horretan «kontraesanak» egon zitezkeela haiekin sinatutakoarekin. Baina EAJk Espainiako Kongresuan duen talde parlamentarioak adierazi duenez, dekretua aztertu ostean egiaztatu dute horrek «erabat» betetzen duela jeltzaleekin hitzartutakoa eta, hortaz, berretsi dute baiezkoa emango dutela gaurko bozketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!