Espainiako Gobernuak eguneko udalekuak baimenduko ditu hirugarren fasean

Erabiltzailearen aurpegia Jon OrdoƱez Garmendia 2020ko mai. 30a, 20:00

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertuko dira. Hogei pertsona arte elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Hego Euskal Herria hirugarren fasera pasatzeko gutxienez ekainaren 8ra arte itxaron beharko bada ere, Espainiako Gobernua hasi da zehazten nolakoa izango den alarma egoeratik ateratzeko hurrengo pauso hori. Aldizkari ofizialean argitaratu duen dekretuaren arabera, haur eta gazteentzako jarduerak baimenduko dituzte hirugarren fasean, bai aire zabalean baita leku itxietan ere, egunean hasi eta bukatzen direnak. Eguneko udalekuak, beraz, egon ahal izango dira hirugarren fasean, beti ere osasun eta segurtasun arauak betetzen badira. Espainiako Gobernuak jarritako arauak zehaztu ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.

Eguneko udalekuak aire zabalean egiten badira, haur eta gazteak bilduko diren leku horren edukieraren erdia izango dute, gehienez, begiraleak zenbatuta, 200 pertsona. Leku itxi batean egiten badira, berriz, edukieraren herena izango dute, gehienez 80 begiraleak zenbatuta. Haur eta gazteak hamar pertsonako taldeetan banatu beharko dira, begiralea barne, eta ahal den einean, Espainiako Gobernuak arautu duenez, jarduerak talde horietara mugatuko dira.

Taberna eta jatetxeek edukieraren erdia izango dute, eta terrazetan edukiera %70era handituko da. Gainera, taberna barruko barran kontsumitu ahal izango da, baina bezeroen edo bezero multzoen artea bi metroko segurtasun distantzia mantenduz. Diskotekak eta gauez irekitzen diren tabernak itxita jarraituko dute.

Gainera, saltoki guztiek ateak zabaldu ahal izango dute, euren tamaina edozein dela ere; haatik, denda guztietan ezingo dute gainditu %50eko edukiera.

Ordutegirik ez 70 urtetik gorakoentzat

Gainera, inolako ordutegirik ez da izango hirugarren fasean. Bigarren fasean 70 urtetik gorakoek hiru ordu dituzte zehaztuta paseatzeko, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Hirugarren fasean horren ordez osasun eta higiene neurriak "muturreraino" betetzeko eskatzen du Madrilek talde zaurgarrietako pertsonekin harreman zuzenik izanez gero.

Fase berriaren beste aldaketa esanguratsu bat elkartu daitekeen jende kopuruari dagokio. Bigarren fasean etxe barruano zein kanpoan hamabost pertsona arte elkartu litezke, baina hirugarrengoan hogeira arteko jende multzoak egongo dira baimenduta. Mugikortasunari dagokioniez, ordea, ez da berritasunik izango, eta orain bezala ezingo da probintziatik atera ez bada osasun edo lan arrazoiengatik edo menpekotasunen bat duten pertsonak zaintzeko.

Turismoa, bideratzen

Hoteletako espazio komunen erabilera baimenduta egongo da edukieraren erdiarekin. Animazio jardueretan gehienez hogei pertsonako taldeak egingo dira. Natur jardueretan 30 pertsonara arte elkartu ahal izango dira. Turistei zuzenduriko ekitaldietan hogei pertsona arteko taldeak baimenduko dituzte, eta turisten gida lanetan aritzen direnek jende pilaketak saihestu beharko dituzte. Bi metroko segurtasun distantzia mantendu edo maskara jantzita ibili beharko da.

Museoek ere baimenduta izango dute irekiera hirugarren fasean. Edukieraren erdia izango dute eta gehienez hogei pertsonako multzoetan egingo dira bisitak, hartu beharreko osasun eta segurtasun neurriak hartuta. Zinema aretoek, antzokiek, auditorioek eta zirkuek ere edukieraren erdia izango dute. Turistentzako jolas parkeek, parke zoologikoek eta akuarioek ere ateak ireki ahal izango dituzte, aire zabalean edukieraren erdiarekin, eta toki itxietan, heren batekin.

Beilatokietan eta hiletan 50 pertsona arte elkartu ahal izango dira aire zabalean bada, eta 30 arte leku itxietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!