"Ezin gara atzera geratu"

Erabiltzailearen aurpegia Julen Etxeberria 2020ko mai. 29a, 10:15

Pilotariak gogotsu itzuli ziren frontoietara, entrenatzera, baina hiru aste pasatu dira jada, eta hasierako ilusioa apalduz doa, are gehiago beste kirol batzuk hastear daudela ikusita. Erik Jakak argi du: «Aurrerapausoak emateko garaia da».

Orexak (Gipuzkoa) bisitari fina du azkeneko hiru asteetatik hona: Erik Jaka (Lizartza, Gipuzkoa, 1994). Bertako frontoian ari da entrenatzen Aspeko aurrelaria. «Tolosan [Gipuzkoa] bizi naiz, eta hemen badago estalkirik gabeko frontoiren bat, baina ez da aproposa nire lanerako. Pilota gozo batekin arituz gero, bai, baina gure pilotekin, ez». Ezin du entrenatu bizitokian, ezta jaioterrian ere. «Lizartzako Udalari eskatu nion herriko frontoian aritzeko, baina, orduan, legeak garbi ez zeudenez, badaezpada, ezetz esan zidaten. Banekien Orexan alde batetik irekia dagoen frontoi bat dagoela, eta bertako udalari galdetu nion ea erabil nezakeen, entrenatzeko. Baietz esan zidaten. Gustura ari naiz bertan. Hasieran, astean lau bat aldiz joaten nintzen; orain, ordea, bizpahiru aldiz. Ez da komeni eskuak gehiegi zigortzea».

Maiatzaren 6an zapaldu zuen lehen aldiz Orexako pilotalekua, hilabete eta erdi pasatxo etxeko garajean «nola edo hala» aritu eta gero. Akabo etxealdia. Akabo garajearen paretaren aurkako piloteoak. Sobera zeuden jada bizilagunei traba gutxien egiteko paretan jarritako zirriak. Horrenbeste sumatu zuen pilota gogor jotzearen falta, «inoiz baino gusturago» egin zituen pilotalekuko lanak hasi aurreko prestaketak ere. «Takoak jartzea da pilotariei gutxien gustatzen zaigun egitekoa, eta egun horretan, gustura ere egin nuen lan hori. Denbora asko neraman halakorik egin gabe; denbora asko neraman une hori iritsiko zain».

Pilotari askok aitortu dute irribarre bat atera zitzaiela konfinamendua bukatuta frontoi batera joan eta lehen pilotakada eman zutenean. «Ez dakit irri egin nuen edo ez, baina bai izan nuen sentipen oso polita. Gustura jo nuen aurreneko pilotakada; gustura, eta tentuz, denbora asko neramalako pilota serio jo gabe, eta ezinbestean eskuak beheratuak izango nituelako. Gustura aritu nintzen lehen egun horretan. Pilotarioi pilotan jokatzea gustatzen zaigu, eta denbora asko generaman egun horren zain».

«Normaltasun berria». Halaxe deitu diote koronabirusak gizartean eragindako aldaketari. Jakak aitortu duenez, pilotariak ere «pixkanaka-pixkanaka» ari dira egokitzen normaltasun berri horretara; adibidez, oraingoz, bakarka entrenatu behar izatera. COVID-19ak «dena hankaz gora» jarri aurreko egunerokoaren falta sumatzen dute. «Ni, adibidez, ohituta nengoen ia egunero Jokin Altunarekin eta Iñigo Bikuñarekin entrenatzen, eta faltan botatzen dut hori: entrenamenduetako eta aldagelako giroa eta saltsa. Horrez gain, binakakoaren harira, harreman estua egina nuen Joserekin [Jose Javier Zabaleta, haren bikotekidea txapelketan]. Horren falta ere badut».

Beste kirolen «inbidiaz»

«Argi dut osasuna dagoela guztiaren gainetik, baina egoera ez da lehengoa. Uste dut badela garaia aurrerapausoak emateko: lehenbizi, taldeka entrenatzen hasteko, eta, gero, partidak jokatzen hasteko». Barru-barrutik atera zaio eskaera. «Inbidiaz» ari dira ikusten beste kiroletan egiten ari diren urratsak. «Futbola aurki hasiko da, eta erremontean eta Emakume Master Cupen badakite noiz ekingo dioten berriz lehiari. Guk, ordea, ez dakigu ezer. Dakigun bakarra da jada maiatz amaieran gaudela eta oraindik ez dakigula noiz has gaitezkeen. Zurrumurruak badaude ekain amaieran edo uztail hasieran hasiko garela, baina zurrumurruak besterik ez dira. Enpresak ez digu ezer esan. Pena ematen dit informazio gehiago ez izateak. Sentipena dut atzean geratzen ari garela, eta hori ezin da izan. Ezin gara atzean geratu».

Partidak ateak itxita edo ikusle kopurua mugatuta jokatzea: horra lehiari berriz ere ekin aurretik zehaztu beharrekoa. Jakaren iritziz, ezin dute beste kirolen aldean «atzean geratu». «Akats handia litzateke. Jendeak oso gustuko du pilota: gure herriko kirola da, oso polita eta entretenigarria da ikusteko... Ni kalean nabil, eta, jendearekin hitz eginda, argi geratzen zaizu jendea zain dagoela pilota noiz hasiko. Berriro diot: pixkanaka-pixkanaka, aurrera egin beharra dago. Baina hori ez dago gure esku, gu enpresa bateko langileak besterik ez gara. Enpresak egin behar du aurrera. Ematen du zerbaiten bila dabilela edo zerbaiten zain dagoela: osasun neurri zehatzak izatea, zein frontoitan entrenatu eta jokatu ahalko genukeen... ez dakit, baina espero dut laster dena konpontzea. Guk, pilotariok, orain arteko prestasun berari eusten diogu, aurretik egin bezala, enpresarekin hitz egin eta akordio bat lortzeko. Guk nahi duguna da pilota ahal den azkarren bueltatzea. Ez dugu nahi pilotarik gabeko uda bat».

Aspeko eta Baikoko pilotariek bi hilabete daramate aldi baterako erregulazioan. Jakaren ustez, «ulergarria» da enpresek neurri hori hartu izana. «Ez badago partidarik, ez dago diru sarrerarik; normala da neurri hori hartzea. Egoera honetan, enpresa askok egin dute gauza bera. Baina, azkenean, egoera hau bukatzean, enpresak bazter batean utzi beharko du enplegua aldi baterako erregulatzeko txostena. Nik gero eta gertuago ikusten dut une hori, gizartea martxan jartzen ari baita, gero eta enpresa gehiago ari baitira irekitzen eta kirola aurrera egiten hasia baita. Guk ere aurrera egin behar dugu».

Binakakoaren sentipen onak

Koronabirusak hankaz gora jarri du dena, eta makina bat asmo, helburu eta lan zapuztu. Jakaren kasuan, kolpetik eten du bere kirol ibilbideko boladarik onena. «Pena handia dut. Lehen aldiz ari nintzen Binakako Txapelketa jokatzen, eta, aukera hori izateko, nik badakit zer-nolako lanak, esfortzuak eta sakrifizioak egin behar izan ditudan. Oso gustura nengoen egiten ari nintzen binakakoarekin. Joseren laguntza ikaragarriarekin, ligaxkan, hamalau partidetatik hamabi irabazi, eta finalerdietan ginen. Nahiz eta lehen partida galdu [22-16, Joseba Ezkurdiaren eta Julen Martijaren aurka, Iruñean ], oso ondo ginen hurrengo bi neurketei begira. Aurretik egindako lan ona genuen helduleku. Nik oraindik badut esperantza txapelketa hori bukatuko dugula».

Martxoaren 8an jokatu zen azken pilota partida. Beraz, bi hilabete eta erdi pasatxo joan dira. Jakak «argi» du geldialdiak «pilotari guztiei» eragingo diela. «Etenaldi honen aurretik eguneroko oso zehatza genuen: astean bizpahiru entrenamendu egiten genituen frontoian; beste bizpahiru sasoi indar fisikoa lantzen; eta gero, asteburuan, beti jokatzen genuen txapelketako partida bat. Burua eta gorputza lehiaketa erritmo horretan genuen jarria. Orain, berriz, gehienok ez gaude horretan jarriak. Pilotari batzuk segituan jartzen dira sasoiko, eta beste batzuei gehiago kostatzen zaie. Kantxako erritmo hori azkarren hartzen duten pilotariek asko izango dute irabazia».

Bitartean, lehiara bueltatzeko egunerako prestatzen jarraituko du. «Sasoiko» ailegatu nahi du, «osasuntsu». «Oso argi ditut lehentasunak bizitzan, eta aurrenekoa osasuna da. Ez dugu ahaztu behar zergatik gauden egoera honetan. Ez da broma bat izan gertatu dena eta gertatzen ari dena. Eta, egoera honetan, oso argi dut osasuna guztiaren gainetik dagoela». Esperientzia pertsonalean oinarrituta mintzatu da, ama hil baitzitzaion duela urtebete, gaixotasun luze baten ondorioz. «Amaren gaixotasuna dela eta, une latz eta txar asko pasatu nituen urte eta erdian zehar. Momentu horietan oso argi ikusi nuen pilota, kirola edo beste edozein entretenimendu atzean geratzen direla etxean edo etxetik gertu osasun arazo bat dagoenean. Zorionez, familian inor ez da gaixotu koronabirusagatik, baina oso gertuko osaba bat hil berri zait, bihotzekoak jota. Bizi dugun egoera zail honek eta antzekoek balio dute konturatzeko zenbateko garrantzia duen bizitzan osasunak. Merezi du bizi garen etenaldirik gabeko esprint honetan pausa bat egitea eta inguruan daukagunari erreparatzea, eta behar bezala baloratzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!