Presoak euskal espetxeetara ekartzeko eskatu dio Jaurlaritzak Madrili

Erabiltzailearen aurpegia Edu Lartzanguren 2020ko mai. 26a, 13:50

Koronabirusarekin loturiko osasun arrazoiak argudiatu ditu Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak.

Euskal Herritik urruti dauden espetxeetan preso dauzkaten 330 euskal herritar euskal kartzeletara lekualdatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, idatziz, Eusko Jaurlaritzak, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkaritza nagusiaren bidez. Koronabirusaren izurriak eragindako «errealitate berria» aipatu du Jonan Fernandez saileko idazkari nagusiak, eta nabarmendu du egoerak hurrengo urte eta erdian ere iraungo duela ziurrenera.

«Astero, 300 familiak edo espetxeraturiko pertsona horien gertukoek estatu osoan bidaiatu behar dute, bisitatzeko eskubideaz gozatzeko». Hori egoera normal batean ere «eztabaidagarria» litzatekeela adierazi du idazkariak; «orain, pandemia eta pandemia osteko testuinguru batean, erabat baztergarria da osasun publikoaren ikuspuntutik».

Fernandezek nabarmendu du ez dutela planteatu «ETAko presoen kasua» bakarrik, baizik eta edozein presoarena. «Logikoa da preso bakoitza erkidego autonomoaren espetxe batean egotea, beharrezkoak ez diren bidaia luzeak saihesteko, zeinek kutsatzeko arriskua handitzen duten hainbat erkide autonomoetan, geografia osoan».

Horregatik, EAEren kasuan, presoak Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) kartzeletara ekartzeko eskatu du.

Sare eta Etxerat-en eskaerak

Sare eta Etxerat elkarteek agerraldia egin dute gaur goizean, lau eskaera egiteko euskal presoen inguruan. Izurriaren eta larrialdi egoeraren harira espetxeetako egoera «gogortu» egin dela eta, horrek hainbat kasutan «muturreko egoeretaraino» eraman du presoen eta haien senideen egoera. Beatriz Etxeberria eta haren alaba Iratiren egoera jarri du adibide gisa: haurrak bi urte baino ez ditu, eta amarengandik bananduta egon behar izan du. Kartzelan buruko isuria pairatu duen Julen Atxurra Egurrolaren eta gose greban dagoen Patxi Ruizen kasuak ere aipatu dituzte erakundeek.

Horregatik, «salbuespen legedia» bertan behera uzteko eta «ezinbestean eta berehala» euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzeko eskatu dute, larri daudenak eta 65 urtetik gorakoak askatzeko, preso eta senideei bisita eskubidea itzultzeko, eta «gradu progresioa ahalbidetuz» baldintzak betetzen dituzten presoak askatzeko.

Egoera dela eta, datorren ostiralean mobilizatzeko esakatu diete herritarrei.

Elkarteok emaniko datuen arabera, hamazazpi euskal preso daude gaitz larriekin, 70 urtetik gorako bi, 65 urtetik gorakoak 12, eta 60tik gorakoak 24. Espainiako Estatuko kartzeletan dauden presoen %80 etxetik 400 eta 1.000 kilometrora dazkate, eta berrehun preso horietatik 158 lehen graduan dituzte. Nabarmendu dutenez, konfinamendu neurriengatik bisitak bertan behera utzi dituztenez, badira «gurasoak ikusi gabe ia hiru hilabete daramatzaten haur motxiladunak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!